Mikel Zumeta.
HERTZAK

Kultura, betiereko fenixa

2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Podcasta leiho bat da, ate bat, agertokia, bozgorailu edo oholtza, nahi bezala izenda daiteke. Modu, forma eta tankera desberdinetako saioak aurki ditzakegu sarean: historikoak, fikziozkoak, dibulgaziozkoak. Plataforma handiak abiapuntu dituztenak edo etxean pertsona bakar batek egindakoak.

Gaurkoan Basilikaren podcasta ekarriko dut: bertan sei saio desberdin topa ditzakegu, sei proposamen. Horien bitartez espiritu kritikoa, garaikidea eta osatua eskaintzen saiatuko zaizkigu. Pentsamendu garaikidearen inguruko hausnarketak landu, literaturaren inguruan jardun, arte garaikideaz, musikaz, soinuaz, kultur ondarea sustatuz eta zabalduz.

Basilika, Itxaro Bordak idatzitako lehenengo eleberria izan liteke, edo Loiolan topa dezakegun mausoleoa; dena dela, Basilika berria dugu geurean, podcastean zabaldutakoa, alegia. Sakona, mamitsua, gozagarria eta edukiz betea da. Kultura, hausnarketa eta iritzi kritikoaren alde egiten duen edukiontzi soinuzkoa.

Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso du berriki taldeak, eta merezia du oso laudorioa. Sei saio, sei irizpide eta hainbat lagun saio bakoitza eraikitzen. Zeelanda Berria, Sector Conflictivo, Berdela, Phoenix Ragazza, Sakoneta eta Koro. Saio horietako gehiengoek dagoeneko bi eta hiru atal inguru jarri dituzte sarean, eta entzungai daude webgunean eta euskarri desberdinetan. Atal bakoitzak ordubeteko iraupena dauka, gutxi gorabehera. Saio desberdin eta atal desberdinen artean sare edo kosmos antzekoa eraikitzen ari dira, elkarri adieraziz eta erreferentziak saio batetik bestera eginez, elkarrizketa modukoa osatzeko.

Nik baditut nire bi kutunak saioen artean: horietako bat Phoenix Ragazza da. Jone Uriartek eta Lur Olaizolak eskainitako bidaia eskaintzen du. Dagoeneko hasia zuten ibilbidea Consonni proiektu artistikoen ekoiztetxean, baina Basilikan saioak beste dimentsio bat bereganatu duela esan daiteke.

Soinu banda desberdinak eramango gaituzte Uriartek eta Olaizolak azaltzen dizkiguten unibertsoetatik: ahots leun, lasai eta kulunkariaz, Moyra Davey eta Valie Export artisten kosmosaren kartografia eraikiko dute. Testigantzak, audioak, abestiak, filmen pasarteak txertatuz, Basilika den egitura horretako gela eta areto desberdinak esplora ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.