Mikel Zumeta.
HERTZIOAK

Uhin arantzadunak

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Podcastak formatu likidoak dira, hibridoak, zaharberritutako irratsaio digitalizatuak, audio pistan gordetako ikus-entzunezko birziklatuak. Halakoak dira podcastak, iturri ezezaguna izan dezaketen nahas-mahas fonikoak, datuen itsasoan errari.

Halakoxea da ere Biruxa Hil podcasta, Nafarroako iparraldean errotzen den Aralar irratiaren orbitan osatutakoa. Punk musikaren inguruan hezurmamitzen da artefaktua, Frankensteina esango genuke, saioz saio eraldatzen den edukiontzi metamorfoa.

26 atal inguru daude sarean: batzuk gazteleraz, besteak euskaraz, eta beste hainbat bi hizkuntzak uztarturik. Musika, eta musika eta kultur mugimendua abiapuntu badute ere, oro har, bestelako gai mamitsuak landu dituzte saio desberdinetan.

Berebiziko Frankensteina da beraz, Biruxa Hil. Misfits talde punk-rock estatubatuarraren aurpegia lukeen hibridoa. Atal, kolaboratzaile eta gai desberdinak landuko dituena, kaosetik ernatutako munstroa balitz bezala; «Bizirik dago!», James Whalek 1931. urtean zuzendutako filmean (Frankenstein) esaten zuten legez.

Eta bai, oso bizirik dago artefaktua, dinamikoa eta gaztea, han eta hemengo kolaboratzaileekin zein elkarrizketatuekin. Ordubete irauten du saioak, eta epikoa suerta daitekeen atal baten bat ere altxortuko duela aitortuko dut.

Landutako edukien artean: Marmol edo Kaleko Urdangak taldeei egindako elkarrizketak daude, 2020ko hit musikalak biltzen dituena, krisia, COVID-19a, eta kapitalismoa edo Parisko Komunaz eztabaidatzen dutenak, besteak beste.

Umorea transbertsala da saioan, ustekabean, dena delako edukiaren aurrean arrakalak irekitzen baitituzte, eta bertatik umore jostalaria eta arantzatsua loratuko baita. Punka, feminismoa, Xabier Euzkitze eta Amaral esaldi koherente berean uztartzeko gauza dira.

Ezin galtzekoen artean,Tatxers taldeari egindako elkarrizketa eta Sexualitatean sakontzen ft Andrea izeneko saio bikoitza. Edo Bi punki eta irrati prekario bat izenekoa, zein, mugimendu marika Euskal Herrian aletzen duen.

Saio bakoitzak egitura nolabaiteko bati heltzen dio: batzuetan definitua; besteetan, kaotikoa. Baina guztietan irrika eta grina agerikoak dira, eta irriak, eta hori, mon ami, uhinak zeharkatzeko gauza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.