Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Ertzainak eta Hertzainak

2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Formula egokirantz. Galder Perezek Lander Arbelaitz kazetaria elkarrizketatu zuen Grafitti saioan, asteazkenean, bi ertzainen aurkako irainak egotzita epailearen aurrean deklaratu berritan. Galderak elebidunean, erantzunak euskaraz, zazpi minutuko solasaldian. Galderren ahotan azalpen txikiak gaztelaniaz entzule erdaldunari zuzenduak, horrek diala aldatzeko tentaziorik eduki ez dezan, eta kontrara, euskaraz esaten denarekin belarria zut jarri dadin. Asmatu beharko da formula magikoa euskarak Radio Euskadin presentzia normalizatua eduki dezan etorkizunean, eta Perez ari da esperimentatzen alde horretatik. Esatariaren inplikazioa nahitaezkoa izango da, irratiko zuzendaritzarenaz gain.

Esatari batek esana. Egun berean, Arbelaitzen kasua Ganbara-ko tertuliara eraman zuen Loreto Larunbek, Ana Garbati, Migel Aizpuru eta Danilo Albine kazetariek azter zezaten. Egoki enfokatu zuen gaia, mahairatuz kasuak eskaintzen dituen bi ertzak: informazioa eskaintzeko kazetariei zor zaien adierazpen askatasuna, batetik, eta ertzainek eginiko hizkuntza eskubideen urraketa, bestetik. Hirukoteak hizketaldia amaitu ostean, gogoan hartzeko moduko gogoeta bat egin zuen Larunbek: Arbelaitz euskaraz mintzatu da nagusiki gaztelaniaz funtzionatzen duen Radio Euskadin; «gonbidatu batek euskaraz egin nahi duela adierazten badu, errespetatu egin behar diogu».

Profeziak. Atzera begirako tarte polita antolatu zuten Almudena Cachok eta Goizalde Landabasok MQP saioan, atzo, Marino Goñi, Josu Zabala eta Roger Blascorekin, Hertzainak taldearen lehen diskoak 35 urte bete dituela eta. Euskal Rock Erradikalaren testuinguru historikoaren inguruko azalpenez eta iraganarekiko oroiminaz zipriztindutako tertulian, hiru profezia izan zituzten hizpide, Hertzainakek diskoan bazituenak: euskal rockak inoiz ez duela dirurik emanen, eta Euskadi izanen zela tropikala eta librea. Josu Zabalak garbi utzi zuen bete direla bi lehenak; ez horrela, hirugarrena. Portzierto, 1984ko hartan bertan hasi zen Blasco bera REn, Levando anclas saioari ekinda. Ehunka, milaka bidaiari elkarrizketatuko zituen honezkero, horietatik makina bat euskaldunak bai. Erretiroa hartu aurretik profezia txikia egiteko kapaza izango ote gara? Bidaia zale euskaldunekin euskaraz egitera ausartuko dela, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.