Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Anekdotatik harago

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
10 años. Hamar urteko irrati ibilbidea ospatzea modan dagoen honetan, Onda Vascak ere berea egin zuen Euskalduna jauregian irailaren 27an. Cristina Zuñiga eta Itsaso Guemes esatariek aurkeztuta, ordubete pasatxoko Onda Vasca 10 urte ekitaldia egin zuten, eta langileek proiektuaren alde erakutsi duten inplikazioa eta grina nabarmendu zituzten batik bat, arrazoi guztiarekin. Baina zer esan hizkuntzaren arloan transmititu ziguten mezuaz? Irratiaren argazkia erreala erretratatu zigutela, alegia: gaztelania nagusi-nagusi, bospasei esaldi kenduta (Guemesek eta han parte hartu zuten bi komikoek eta komunikazio taldeko buruak egin zituztenak, batuta). Hori bada Onda Vasca identifikatzen den nazio proiektuak euskarari ematen dion balioa, bada, orduan ez datoz bat diskurtso ofiziala eta praxia.

Gonbidatuen argazkia. Ekitaldira irratiari babesa ematera joan ziren gonbidatuekin erradiografia arin bat eginez gero, anekdotatik harago doan datu sinbolikoa aterako zaigu: gehiengo osoa EAEko instituzioetako agintari eta politikoek (alderdi batekoak) edo enpresa munduko ordezkariek (BBK, El Corte Ingles...) osatu zuten. Gizarte zibileko edo kirol eta kultura munduko eragilerik ez. Kezkagarria behar luke izan datu hori, gizartearekin bat egitea xede duen irrati batentzat.

Durangon. Bikaina MQP magazinak egin zuen erakustaldia atzo, Almudena Cacho, Roberto Moso eta Goizalde Landabasorekin, Jardunaldi Feminista gertutik jorratzeko. Durangoko Azokaren pare, zer esana daukaten eragileekin solasaldi ikasgarriak sortuz. Mosoren kale inkesta telegrafikoa antologikoa gertatu zen: gaztelania eskas dakien errumaniar bat, euskal hiztun bat eta gizartean aski zabalduta dagoen iritziaren ordezkari bat («Ondo ikusten ditut Jardunaldiak, emakumeek ondo pasatzen duten bitartean eta beren ideiekin zipriztintzen ez gaituzten bitartean»).

Euskal Herria. Makina bat alditan entzun genuen kontzeptu hori atzo Cachoren ahotik. Gizarte jarduera guztiak zeharkatzen dituen berdintasunaren gaia jorratzera doazen eragileak, Euskal Herri osotik Durangora bertaratuak. Geografiaren, kulturaren eta gizartearen ikuspegitik Euskal Herria existitzen dela ikasten ari da Cacho. Denok gaude geureganatzeko terminologia lurraldetasunaren arloan, berdintasunarenean ez ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.