Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Zientziaren izenean

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
COVID-19ak eragin duen osasun krisiak ezbaian jarri du komunikabideen papera. Pandemiaren inguruko informazio jarioa handia izaten ari da, denera iritsi ezin den sentsazioa dugu. Informazioak eta horrek zenbaitetan bere baitan dakarren sentsazionalismoak gainezka egin ohi digu. Sagailoa itsasoan, itsasargiak beharrezkoak.

Informazioak zorrotza eta zehatza behar du izan. Esan gabe doa pandemiarik gabe ere horiek mantra modukoak izan behar dutela komunikabideentzat. Kasu honetan, gakoak azaldu eta gizartea orientatu behar dute hedabideek. Asteon izan dugun albiste nagusienak hori ederki azaleratzen duela iritzi diot: Biontech eta Pfizer enpresak garatzen ari diren txertoari buruzko iragarpenaz ari naiz; farmazia enpresek jakinarazi dute %90eko eraginkortasuna erakutsi duela euren txertoak. Berri horren tratamenduari beldur izan nion, egia esateko.

Hala, asteartean, Euskadi Irratiko Faktoria albistegiaren gidaria den Iñaki Guridik zuhurtzia hiru bider errepikatu zuenean lasaitua hartu nuen. Jakina, farmazia enpresek iragarritakoari ezin diezaiokegu muzin egin; halaber, egindako adierazpen horiek ikus-entzunezkoetan tartetxoa merezi dutela ukaezina da. Baina era berean, berriak berak eskatzen duen analisia du jomuga kazetariak; izan ere, helarazitako mezuaren aurrean sortutako galderei erantzunak bilatu beharrean dago ere, entzuleak informazio osoa kolpe batez eskura dezan. Albisteak berrogeialdian jartzea, alegia. Ildo horri jarraiki, Guridik: «Albisteak eragindako poza ezkutatu behar ez bada ere, zuhurtzia alboan jarri beharreko elementua da». Argiro eta txukun jardun zuen, egiak eskatzen duen zorroztasunari men eginez.

Ildo horri jarraiki, Naiz irratian Izortze Santin eta Koldo Garcia ikertzaileekin egindako analisia aipatzekoa da. Santinek erran zuen legez, txertoa eraginkorra izango den ez dakigu oraindik, hirugarren fasea ez baita burutu. Halaber, Garciak gogoratu zigunez, «ez dago aldizkari zientifiko batean errebisatuta». Euren jarduna egongelako alfonbra altxatzea bezalakoa izan zen. Beharrezkoa, jakina. Ekuazio sinplea dirudien arren, Garciak bete-betean jo zuen xedea: «Gauzak ondo esan behar dira». Eta hori are nabariagoa da zientziaren arloan. Tentuz ibili behar dugu. Kazetaritzak ezin dio inoiz aurre hartu zientziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.