Uxue Razkin.
PLAY ETA ENTZUN

Isiltasunari buru egin

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Eztarria zeharkatzen du, mingaina bihurritu, sabela astindu. Bere eskuez itotzen du aurrean duen oro. Serial killerra da. Soinurik ez du egiten, aztarnak uzten ditu, ordea; hozka modukoak gure gorputzean. Indar titanikoa du eta desatsegina da maiz.

Isiltasuna da.

Badira mota ugari: oinordekotzan jasotzen ditugunak, gertu daudenak baina oraindik ezagutzen ez ditugunak, beldurretik abiatzen direnak, lotsatik, edo minetik, auskalo. Isiltasun kolektiboak daude. Indibidualak. Isiltasun publikoak. Pribatuak. Nola eraikitzen dira? Eta nola hautsi genitzake?

Horri erreparatzen dio De eso no se habla (Horri buruz ez da hitz egiten) podcastak; isiltasunak sortzen dituen istorioak eta historiak eragindako isiltasunak ditu ardatz. Izan ere, horiek guztiak haustea du xede Isabel Cadenas Cañon podcastaren zuzendariak. Istorio txikiak dira, oihartzun txikiko ahotsak. Jende arrunta mikrofono aurrean. Bestelako mugarri eta erreferenteen laguntzaz erakusten du denok historiaren parte garela. Edo, behintzat, horren ondorioa.

Berriki amaitu da lehenengo denboraldia eta arrakasta handia izan du. Sei kapitulu dira guztira, eta bakoitza ordu erdikoa da gutxi gorabehera. Besteak beste, Basauriko hamaiken epaiketak, Zaballako kartzelan preso dauden emakumeen testigantzak, 36ko Gerraren oihartzunak, familietan sortzen diren sekretuak izan dira gaiak.

Memoria historikoaren ariketa gisa uler genezake. Alabaina, ez du ikuspegi ofizial edo administratibotik egiten, ikuspegi sozialago batetik baizik. Berreskuratzen ahalegintzen da hor dagoen eta elkar ulertzeko garrantzitsua den memoria kolektiboa, beti isilean gordeta egon dena.

Kontatzeko moduak liluratu nau: intimoa da eta arreta handiz dihardu esatariak. Xehetasunek axola dute. Ur gainean dago egia. Kontalari bikaina da; badirudi Cadenas Cañon unibertsoaren sekretuak entzule bakoitzari kontatzen ari zaiola. Pena litzateke konexio hori galtzea.

Hitchcockek, Truffautekin hizketan, esan zuen publikoarengan eragin nahi diren emozioak bere baitan sentitu behar dituela aurretik sortzaileak. Hori da podcastaren funtsa: emozioen transmisioa. Ito egiten gaituzten esku horiek desagerraraztea lortzen du esatariak, eta horrek sorrarazten dion zirrara iristen da guregana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.