Jaurlaritzak kanpaina hasi baino lehen nahi du onartu polizia abusuen legea

Erredakzioa -

2019ko martxoak 14
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina apirilaren 12an hasiko da. Eusko Legebiltzarreko saioak bertan behera geldituko dira ordurako, eta Eusko Jaurlaritzak zenbait lege aurrera atera nahi ditu aurretik. Horien artean dago polizia abusuen biktimen legea. Joan den urriaren hasieran aurkeztu zituen Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak biktimen lege horri egindako moldaketak; Eusko Legebiltzarrak azaroaren erdialdera onartu zuen tramiterako, eta otsailaren erdialdera egin zuen aurrera Giza Eskubideen Batzordean, zuzenketa bakarra onartuta. Batzordean bihar bertan onartuko dute erabat, eta hortik aurrera legebiltzarreko osoko bilku- rara eramatea eta onartzea baino ez da faltako —PP da kontra bozkatuko duela iragarri duen bakarra—. Apirilaren 12a baino lehen, lau osoko bilkura egingo dira legebiltzarrean.

Eusko Legebiltzarrak joan den 2016ko uztailaren 28an onartu zuen polizia gehiegikerien biktimen legea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk. Legearen helburua zen 1976 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Legeak espresuki aipatzen zituen Espainiako Estatuko funtzionarioen urraketak.

Espainiako Gobernuak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta arauaren hainbat atal behin-behinean eten zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Joan den urteko uztail amaieran, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak iragarri zuten ados jarri zirela legean aldaketak egiteko, Madrilek helegitea kentzearen truke. Aldaketa horien funtsa da moldatutako legeak uko egingo diola delituen ikerketari eta, beraz, auzibideari. Eta testuak preseski jasoko duela auzibidea aztertzeko asmoa, eta argi utziko duela kasuak aztertuko dituen Balorazio Batzordearen xedea ez dela izango gertatutakoa ikertzea.

Martxoaren 21ean onartuko du laukoak motibazio politikoko biktimen legea

Gezur baten biktima gogoan

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna