CGPJ-REN TXOSTENA

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
GASaren inguruan egindako azterlan kualitatibo apurrenetako bat osatu zuen Paloma Marin Lopez epaileak 2009an, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarentzat, 2002tik estatuan izandako ebazpenak aztertuta. Genero indarkeriaren aurkako legea aplikatzeko «erresistentziatzat» jo zuen GASa. Hona ondorio nagusiak:

Helburua. Andreak «estigmatizatzeko» tresna bat da: «Emakumeen aurrerabideen aurka dauden sektoreentzako produktu bat da, bai formulazioan, bai esanahian. Desbideratze sakonak ditu, haur batek guraso batekin erlazioa izateari uko egiten diola egiaztatzeaz harago doazenak».

Normalizatuta. GASaren erabilera bikote banaketak «orokortzearekin» batera hedatu zen, eta «ia naturalizatuta» dago epaitegietan: sindromea «existituko balitz bezala» dihardute, eta tratu txar mota baten moduan hartzen dute. Alor ekonomikoan ere eragina du: «Probreziaren feminizazioa handitu dezake».

Hipotesiak, ez egitateak. «Erabakiak ez dira kontrastatutako egitateetan oinarritzen, baizik eta hipotesi batzuetan; pentsaezina litzateke zuzenbidearen beste aplikazio eremuetan». «Frogak baloratzeko arauetan» eragiten du: «Bai ziurtzat emanez adingabeen manipulazioa, aurkako frogarik onartu gabe, bai frogatu beharraren karga alderantzikatuz eta manipulazio ustekizuna ezarriz».

Erantzukidetasunaren azterketarik ez. Zaintza zein gurasori eman erabakitzean, ebazpen batean ere ez da ageri erantzukidetasunari buruzko azterketarik, hau da, ez dute kontuan hartu nola egin ziren zaintza lanak bikote banaketa baino lehen. «Ebazpen batzuek aitari eman diote zaintza, ez hark horretarako gaitasunak eta prestutasuna egiaztatu dituelako, baizik eta familian funtzio hori bete ditzaketen emakumeak daudelako».

Emakumeen rola. «GASa aplikatu duten ebazpenek rol eta jokaera jakin batzuk eskatzen dizkiete andreei: seme-alabak, familia eta etxea zaintzeaz gain, gurasoen eta haurren arteko harremana bikaina dela bermatu behar dute, aktiboki, edozein direla adingabeek arbuiatutako gurasoaren gaitasunak eta erlazioaren aurreko historia».

Adingabeen interes gorena. Kontzeptua «berrirakurtzea» gomendatu du txostenak: umeak bisita erregimenen «subjektutzat» hartzea, aitarenganako arbuioa zerk eragin duen ikertzea... «Adingabearen interes gorena gauzatzeak dakar familia erlazioaren ongizate giroa ikertzea, indarkeria edota diskriminazioa alboratu gabe [...]. Ikuspegi horretatik, haurraren orekak lehentasuna izan dezake aitaren bisita eskubidearen aurretik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.