Frantziako Asanblearako bozak. Lehen itzulia

Ahulduta bata, hazita bestea

Macronen mugimenduak ozta-ozta irabazi dio Melenchonen koalizioari, Frantzian herritarren %52k parte hartu ez duten boz hauetan. Ezkerreko aliantzak kohabitazioa behartu nahi du bigarren itzulian

Jean-Luc Melenchon NUPES koalizioko liderra, herenegun, bozen lehen itzuliko emaitzak jakin osteko agerraldian, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Frantziako Asanbleako hauteskundeek jokaleku politikoa hankaz gora jarriko zutela aurreikusten zuten askok, eta bete-betean asmatu dute. Frantziako bosgarren errepublikan inoizko abstentziorik handiena izan den honetan (%52,49), Emmanuel Macron presidentearen Ensemble mugimendua Asanblean gehiengo osoari eusten saiatuko da datorren igandean, bigarren itzulian. Alta, lehen itzulitik hauspotuta atera den eta ozta-ozta garaitu duen aurkari zuzena izango du aurrean: Jean-Luc Melenchonen NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria koalizioa.

Macron ahulduta atera da lehen itzulitik. Halere, faboritoak dira Asanblean eserleku gehien duen koalizioa izateko. Baina zazpi puntu inguru galdu ditu 2017ko bozekin alderatuta. Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministro ohia (2017-2022), esaterako, bigarren itzuliko lehiatik kanpo geratu da. Macronen talde parlamentarioa azken legealdikoa baino txikiagoa izango da, eta, beraz, Frantziako agintariaren mugimenduak gehiengoa lortuko ez balu, zailtasun handiak izango lituzke duela zazpi aste presidentetzarako bozak irabazi zituen hauteskunde programako gai asko aurrera ateratzeko.

Bozkatu dutenen artean, lehen indarra izan da Ensemble; koalizioa babesten duten zerrendek botoen %25,75 eskuratu dituzte. 21.000 boto pasatxora geratu da Melenchonen NUPES, %25,66ko babesa lortuta. Ostera, LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko buruzagiek, ezkerreko koalizioko kideek, gobernuari atzo leporatu zioten lehen itzuliko datuak «manipulatzea», barruti batzuetan lehen postuan geratutako hautagaiak Ensemblekoak ez zirela argudiatuta. Haien kalkuluen arabera, %26,8ko babesa lortu zuten. Bestalde, Marine Le Penen RN Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarra geratu da hirugarren lekuan, botoen %18,68 lortuta.

577 barrutietatik bost diputatu bakarrik aukeratu dituzte lehen itzulian: horietatik lau NUPESek lortu ditu, eta bakarra Ensemblek. Bigarren itzulian, Macronen eta Melenchonen koalizioak 272 barrutitan lehiatuko dira elkarren aurka; 113tan, RN eta Ensemble; eta 61etan, RN eta NUPES.

Zundaketen arabera, Ensemblek 275-310 diputatu lortuko lituzke Asanblean, eta horrek esan nahi du Macronen koalizioak ez lukeela gehiengo osoa bermatua izango: 289 ordezkari eskuratu behar ditu; lehen, 350 eserleku zituen. Beraz, Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak hautesleei eskatu die Ensemble aliantzari babesa emateko datorren igandean, «ezegonkortasunaren eta erradikalismoaren arriskua» saihesteko. «Erradikalismoaren aurka proiektu koherente, argi eta arduratsu bat duten bakarrak gara», zehaztu du, Melenchoni buruz mintzo.

NUPESek, berriz, 180-210 eserleku lortuko lituzke —koalizioa osatzen duten lau alderdien artean 58 lortu zituzten 2017an— zundaketen arabera, eta oposizioko indar nagusia izango litzateke. Melenchonen esanetan, Ensemble «garaitu eta hondoratu» dute lehen itzuli honetan. NUPESeko hautagaiak 577 barrutietatik 500etan lehiatuko dira bigarren itzulian, eta ezkerreko koalizioak gehiengoa lortzea «posible» duela adierazi du Melenchonek. Halaber, hautesleei eskatu die NUPES babesteko, Macronek lehen ministro izenda dezan eta bere «proiektu kaltegarriak» aplikatu ez ditzan. Aukera hori errealitate bilakatuko balitz, kohabitazioa behartuko luke NUPESek. Horrek, baina, zaila dirudi zundaketen arabera.

Izan ere, Macronek abantaila bat izango du bigarren itzulian, Melenchonek izango ez duena. Ensemble eta NUPES lehiatuko diren barrutietan, Macronek zentroaren eta eskuinaren arteko botoa erakar dezake, baita eskuin muturrarena ere. Eta, alderantziz, Le Penen ultraeskuineko hautagai bati aurre egingo dion barrutietan, ezkerraren, zentroaren eta eskuin moderatuaren botoa eska dezake eskuin muturra geldiarazteko.

Ultraeskuinaren gorakada

Duela hilabete pasa, Batasun Nazionaleko Marine Le Pen igaro zen presidentetzarako bigarren itzulira, baina, legebiltzarrerako bozetan, hirugarrena izan da, botoen %18,68 jasota. Halere, duela bost urtetik ia zazpi puntu egin du gora. Zundaketen arabera, hamar eta 45 diputatu artean izango lituzke. Le Penek hautesleei galdegin die Macronek bigarren itzulian gehiengo osoa lor dezan galaraztea, baita NUPES koalizioaren alde ez bozkatzea ere.

LR Errepublikanoak alderdia laugarren postuan geratu da, etahamaikagarren kolpea hartu du, botoen %13,62 lortuta. Nahiz eta Christian Jacob buru duen koalizioak botoen ia erdiak galdu, Macronek gehiengo osoa lortzeko giltza izango luke.

Errekonkista alderdiko Eric Zemmourrek porrot handia izan du, ez baitu bigarren itzulira pasatzea lortu Var hautesbarrutian. Hirugarren postuan geratu da, eta haren alderdia ordezkaritzarik gabe geratu da Asanblea Nazionalean; botoen %4 jaso ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.