Ingurumena. Luizia Zaldibarren

«Herritarrak ez dira fidatzen»

Hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute legebiltzarraren atarian, erantzukizunak argitzeko eskatzeko. Barruan, Jaurlaritzako kideek zurrun eta eztabaidan sartu gabe entzun dituzte kritikak.

Legebiltzarraren kanpoaldean. Hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten Zaldibar argitu orain! leloa zeraman pankartari helduta. JUANAN RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun

Zaldibarko zabortegiaren inguruan bizi diren herritarren kezka eta amorrua Eusko Legebiltzarraren atariraino iritsi zen atzo goizean. Zaldibar argitu orain! lelopean, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten legebiltzarraren parean, Jaurlaritzari hondamendia argitzeko exijitzeko. Airearen kutsaduratik babesteko maskarak jantzita irudikatu nahi izan zuten herritar askok egun bizi duten egoera.

Jaurlaritzari eta Verter enpresari egotzi zien gertatutakoaren erantzukizuna Gorka Zabartek. Bildutakoen izenean mintzatu zen: «Jaurlaritza arazoaren parte bat da, eta herritarrak ez dira fidatzen ematen ari den mezuekin». Informazio falta egon dela, eta egon den apurra «kontrajarria» izan dela salatu zuen: «Eszenifikazio asko ikusi ditugu». Hondakinak enpresa pribatu baten esku utzi izana ere gaitzetsi zuen: «Harrapakari batzuk dira, eta ondorio hauek ditu hondakinen kudeaketa haien esku uzteak».

Zabartek beharrezkotzat jo zuen prebentzio neurrien eremua herri gehiagotara zabaltzea, eta ikuskaritza independente bat eskatu zuen.

Barruan, kritika zorrotzak

Kanpoan herritarrak protesta egiten ari ziren bitartean, barruan hondamendiaren kudeaketaz azalpenak ematen hasia zen Iñigo Urkullu lehendakaria. 09:30ean zuen hitzordua. Urkullu lehendakaria iritsi zen lehena legebiltzarrera, goizean goiz, artean komunikabiderik ez zegoela. Agerraldiak hasi baino minutu batzuk lehenago agertu ziren, berriz, gainerako sailburuak, aurpegiera serioekin. Krisiaren aurrean batasun irudia ematen saiatu zen Jaurlaritza, eta agerraldia zuzenean entzutera joan ziren gobernuko sailburu guztiak, sailburuorde, departamentuetako zuzendari eta kabinete buruak lagunduta. Alberto Sololuze luizian desagertutako langilearen sendia ere izan zen legebiltzarrean.

Irakurri gehiago: Sinesgarritasunik ez edukitzea egotzi dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari.

Gobernuak, kanpoko elkarretaratzean ez ezik, barruan ere entzun behar izan zituen kritikak, baina kasu horretan, oposizioaren ahotik. Izan ere, Zaldibarko luiziaren hondamendian egindako kudeaketagatik gogor jo zuten gobernuaren aurka EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PPko bozeramaileek. Krisia piztu zenetik pilatutako zalantzei eta kezkei erantzunak bilatzen saiatu ziren taldeetako ordezkariak, eta, kritikekin batera, galdera sorta eraman zuten bilkurara. Zorrotz baina zuhur aritu ziren EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Elkarrekin Podemoseko Lander Martinez, eta askoz ere gogorrago eta asaldatuago PPko Alfonso Alonso. Momentu batzuetan sutsu mintzatu zen, eta ozen ere bai.

Aurpegiera serioekin eta apenas keinurik egin gabe entzun zituzten kritika eta salaketa guztiak lehendakariak eta sailburuek. Lehendakaria zurrun aritu zen, idatzitako hitzaldia hitzez hitz irakurriz, gidoitik atera gabe. Antzera aritu ziren Estefania Beltran de Heredia, Maria Jesus San Jose eta Nekane Murga ere. Jasotako kritikekin minduena, ordea, Iñaki Arriola Ingurumen sailburua izan zen, eta bereziki hunkitu egin zen bere kudeaketa zalantzan jarri zenean eta desagertutako langileekiko enpatia falta egotzi ziotenean. «Niri kontatuko didazue nola dauden kaltetuak? Nire jendea da eta!», erantzun zien, negarrari eutsi ezinik.

[youtube]https://youtu.be/YkIQ0jT724E[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.