Adierazpen askatasunaren eta gainerakoen talka

Josep Casadevall adierazpen askatasunaren mugez aritu da giza eskubideei buruzko jardunaldietan, Bilbon. Esan du ezin direla, esaterako, gorroto diskurtsoak sortu adierazpen askatasunaren izenean: «Ez da absolutua».

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Adierazpen askatasuna ez da absolutua, eta egoera batzuetan auzitegiak berak ez du onartzen eskubide horren izenean gorroto diskurtsoa, arraza diskriminazioa edo gutxiengoen kontrako erasoa». Halaxe adierazi zuen Josep Casadevallek (Girona, Herrialde Katalanak, 1948). Gai arantzatsua da, eta aldakorra, testuingurua unean-unean bere osoan zertan den interpretatzea eskatzen duena, horri buruz ebazteko. Ez da alferrik egon Casadevall Europako Giza Eskubideen Auzitegian epaile gisa lanean azken hogei urteetan, eta hango lehendakariorde ere izan da bost urtean.

Casadevall adierazpen askatasunari eta haren mugei buruz aritu zen hilaren hasieran Bilbon izan ziren Giza Eskubideen Nazioarteko II. Batzarrean. Hizpide izan zituen gerra, arrazismoa, homofobia eta Interneteko eta sare sozialetako gorroto diskurtsoak, besteak beste.

Zenbaitetan egotzi izan zaio Europako Giza Eskubideen Auzitegiari urrunegi joan izana, eta adierazpen askatasuna gehiegi mugatu izana. Casadevallek jardunaldietan emandako hitzaldiaren ostean BERRIArekin izandako solasaldian azaldu zuenez, azken hamarkadetan aurrera egin da, eta duela bi hamarkada baino babes handiagoa dauka adierazpen askatasunak, baina berretsi du adierazpen askatasuna ez dela «absolutua», eta bestelako eskubide batzuekin talka egitean, hala nola arrazagatiko edo sexu aukeragatiko diskriminazioa egonez gero, zein eskubide gailendu ebatzi behar izaten dutela auzitegiek, kasuz kasu.

Eskumen eremuak

Kasu jakinetara jota, esate baterako, COVID-19aren inguruan izandako desinformazio kanpainen harira ebatzi behar izan duEuropako Giza Eskubideen Auzitegiak, osasuna babesteko adierazpen askatasuna muga litekeela baitio Europako Giza Eskubideen Hitzarmenak. Casadevallen ustez, argi dago auzia: «Oinarri zientifikoarekin edo oinarri barik, norbaitek uste badu ez dagoela pandemiarik baina besteen eskubide indibidualak errespetatzen baldin baditu, edozein iritzi izan dezake», eta, beraz, horri buruz adierazi liteke modu publikoan.

Bestelakoa da irizpidea, esatebaterako, memoria historikoarekin lotuta. Estatu bakoitzeko legea gailentzen da halako auzietan: «Alemanian eta Frantzian bai: Bigarren Mundu Gerraren egitateak ukatzea delitua da; horregatik kondenatu izan dira holokaustoa ukatu izan duten adierazpenak, hain zuzen. Estatuak berak tipifikatu ez baditu, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezin du zigortu». 36ko gerrakoak Espainiako Estatuko legeetan ez tipifikatua egoteak, berriz, ez du modurik ematen zigorrik ezartzeko.

Eskubideen talka

Adierazpen askatasunaren eta gainerako eskubideen arteko talkek berekin dakarte auzi konplexuak ebatzi beharra: «Eskubide baliokideak daudenean, oso kontuz jardun behar duzu. Ezin duzu esan bata bestearen gainetik dagoenik. Giza eskubideak unibertsalak, globalak eta berak dira, eta denek merezi dute babes bera. Kontua da batzuetan eskubide batzuek talka egiten dutela eta beharrezkoa dela erabakitzea zein lehenetsi behar den».

Adierazpen askatasunaren lehen galbahea informazioa ematen duenak egiten du, baina. Casadevallek chilling effect kontzeptua erabiltzen du horretarako: «Autozentsura da. Zu kazetaria zara, eta, ikusten baduzu zure ondokoa artikulu bat idazteagatik inputatu dutela, nahiz eta gero absolbitu, zuk zeuk zeozer publikatu baino lehen hobeto pentsatuko duzu».

Autozentsuraren eta egoera jakinek eragindako zentsuren eta kazetarien aurkako erasoek ere izan zuten lekurik Bilboko jardunaldietan. Catalina Boterok hartu zituen ahotan. Andeetako Unibertsitateko Adierazpen Askatasunaren Unesco Katedrako zuzendaria eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarreko Adierazpen Askatasunerako kontalari berezi izandakoa da. Zentzu zabalean aritu zen indarkeriaz; hots, indarkeria fisikoa ez ezik espetxeratzeak eta akusazio neurrigabeak ere izan zituen mintzagai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.