Bikotekidearen autoari tiro egin izana egotzi diote gizon bati, Sunbillan

Tiroak ez dio zauririk eragin gidariari; soilik ibilgailua kaltetu da. Biktimaren senarraz gain, emakume bat ere atxilotu du Foruzaingoak

N-121 errepidea, Sunbilla parean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Foruzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen iragan asteazkenean Nafarroan, haren bikotekidea gidatzen ari zen ibilgailuari tiro egin izana leporatuta. Sunbillan (Nafarroa) gertatu zen erasoa. Emakumea onik atera da. Horrez gain, atzo beste emakume bat atxilotu zuten, erasoarekin zerikusia izan dezakeelakoan.

Ttipi-Ttapa komunikabideak emandako datuen arabera, biktima lanera bidean zen, autoan, eta hots bat aditu zuen Sunbilla parean zelarik. Antza, orduan ez zuen pentsatu zarata hori tiro bati zegokionik, eta aurrera segitu zuen. Lantokira iritsitakoan baizik ez zen konturatu gertatutakoaz: lankideen iritziak adituta, ohartu zen tiro baten arrastoa zuela ibilgailuan.

Noticias de Navarra egunkariak azaldu duenez, balak autoaren leihoko markoa jo zuen, emakumearen buruaren parean. Zentimetro gutxi batzuengatik atera zen onik. Emakumezkoak salaketa jarri zuen foruzainen bulegoan; handik ordu batzuetara, Elizondoko (Nafarroa) polizia etxera deitu zuten, eta atxiloaldian sartu zuten senarra. Atzo igarotzekoa zen epailearen aurretik. Epailearen aurretik pasatu aitzin, Iruñeko polizia etxean eduki dute. Gizona Etxalarkoa (Nafarroa) da.

Ez da kasuarekin lotuta egin duten atxiloketa bakarra izan, ordea, atzo iluntzean Foruzaingoak emakume bat atxilotu baitzuen, gizonarekin batera erasoan parte hartu duelakoan.

Indarkeria matxistako kasuek ez dute etenik Nafarroan ere. Asteazkenean espetxeratu zuen Tuterako epaitegiak Sara Pinaren senarra, hura hiltzea leporatuta. Joan den urtarrilaren 10ean Pinaren gorpua aurkitu zuten.
 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.