Oroimen osorako urratsak

Biktima guztiak omendu dituzte Memoriaren Egunean. Jaurlaritzaren ekitaldian, hitza hartu dute ETAren, GALen eta Guardia Zibilaren bost biktimaren alabek. PP ez da joan ekitaldi instituzionaletara

Jaurlaritza. Bost biktimen alaben lekukotza entzun zen Donostian, Miramar jauregiko ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Edurne Begiristain.
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Indarkeriaren biktimei ahotsa emateko eta gizarteari iraganaren «hausnarketa kritikoa» eskatzeko baliatu zuten atzo Memoriaren Eguna EAEko instituzio nagusiek. Biktima guztientzako memoria aldarrikatuta egin zituzten ekitaldiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde nagusiek. Biktima guztien sufrimendua gogoan hartu zuten, baina, aurreko urteotan bezala, erabateko batasunik gabe egin ziren ekitaldiok, PP ez zelako egon omenaldietan.

Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusia Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen, eguerdian, Donostiako Miramar jauregian. Jaurlaritzak askotariko biktimei ahotsa eman zien ekitaldian, lehen aldiz. Bertan izan ziren ETAren, GALen eta Guardia Zibilaren bost biktima: Naiara Zamarreño, Manuel Zamarreñoren alaba; Ainara Olaziregi, Eugenio Olaziregiren alaba; eta Sandra Carrasco, Isaias Carrascoren alaba (hirurak ETAk hildakoak); Maider Garcia,GALek hildako Juan Carlos Garcia Goenaren alaba; eta Jaione Sansebastian, Guardia Zibilak hildako Alfredo San Sebastianen alaba.

Guztiek azaldu zuten urteetan «bakarrik» eta «ahaztuta» sentitu direla, eta bat egin zuten elkarbizitza eraikitzeko funtsezkoa dela indarkeria ororen biktimak aitortzea. Saminetik mintzatu ziren, eta aitortu indarkeriak irekitako zauria sendatu ezinda dutela, baina ezinbestekoa dutela aitortza aurrera egiteko. Besteak beste, Zamarreñok azaldu zuen bere familiak pairatu duen samina handia izan dela, eta gizarteak oraindik baduela «zer egin» biktimei babesa agertzeko. Bizitakoa «gogorra» izan dela aitortuta ere,Carrascok esan zuen «bestearen tokian» jartzeko ordua dela. Bestalde, Garciak azpimarratu zuen GALen biktimei «aitortza publikoa» falta zaiela.

Biktimen lekukotzak entzun ostean hartu zuen hitza Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. Haren esanetan, biktimen bizipen horietatik «irakaspen» bat atera daiteke gizartearentzat: «Gertatu zena bidegabea eta justifikaezina izan zen».

Euskal gizarteak eta erakundeek azken 60 urteetan biktimekin izan duten jarreran «argi-ilunak» izan direla nabarmendu zuen lehendakariak. Itzalen artean, aipatu zuen «berandu» erreakzionatu zutela biktimen sufrimenduaren aurrean eta ez zietela babes nahikorik adierazi; bereziki, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. Bestalde, gogoratu zuen egoera hori aldatuz joan dela, eta 2000ko hamarkadatik aurrera babes instituzionala iritsi zela.

Urkulluren ustez, Memoriaren Eguna «autokritika» egiteko eguna da, eta, horretarako, hiru printzipio etiko behar dira: biktimak elkarren artean ez berdintzea, indarkeriari zilegitasunik ez aitortzea eta biktimarik ez baztertzea.

Jaurlaritzaren ekitaldia baino lehen, biktimak omendu zituen Eusko Legebiltzarrak. Urtero legez, parlamentuko gehiengo zabal baten aitortza eta babesa jaso zuten biktimek; EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSEko legebiltzarkideak ez ezik, Urkullu lehendakariak, Jaurlaritzako sailburuek, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere parte hartu zuten omenaldian. Ekitaldi xumea izan zen: piztutako su ontziaren inguruan eta lore eskaintza batekin oroitu zituzten biktima guztiak, isiltasunean.

Ekitaldian, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak bere egin zuen Gogora Institutuak atzoko egunerako prestatutako adierazpena, eta haren pasarte batzuk irakurri zituen. Besteak beste, Tejeriak biktimekiko elkartasuna eta pertsona guztien «duintasunaren, bizitzeko eskubidearen eta giza eskubideen balio gorenarekiko» konpromisoa aldarrikatu zituen.

PPkoak, bere kabuz

2010ean, Eusko Legebiltzarrak atzoko eguna aukeratu zuen biktimak omentzeko, hain justu, euskal gatazkan ez alde bateko eta ez besteko biktimarik egon ez den eguna delako. Ordutik, ez da inoiz erabateko kontsentsurik egon biktima guztiei gorazarre egiteko, batez ere PPk ETArenak ez diren gainerako biktimak gogoratzea alboratu duelako. Atzo ere PPk adostasunetik kanpo utzi zuen bere burua, eta ekitaldi propioa antolatu zuen Irunen (Gipuzkoa), soilik ETAk eragindako biktimei omenaldia egiteko.

ETAren biktimen memoriaren «esanahi politiko sakona» aldarrikatu zuen PPk ekitaldian. Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak ETAren ekintzak «zuritu» nahi dituztenak kritikatu zituen, eta ETAren biktimentzat «berariazko tokia» eskatu zuen.

PPren ekitaldiaz harago, biktimak oroitzeko ekitaldi ugari egin ziren egun osoan. Oroimen osoa eraikitzeko urrats txikiak. EAEko hiru hiriburuetako udalek antolatu zituzten omenaldiak, eta baita beste udalerri askotakoek ere. Hiru foru aldundiek eta Batzar Nagusiek ere gogoan izan zituzten indarkeriaren biktimak, lore eskaintzekin eta minutu bateko isiluneekin.

Erakunde gehienetan, baina, ez zen ekitaldi bateraturik egin, nahiz eta salbuespenak egon ziren. Donostiako Udaleko ekitaldian, esaterako, talde guztiek hartu zuten parte, PPk barne. Batasun horren «balioa» azpimarratu zuen Eneko Goia alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.