Patxi Zabaleta
IRITZIA

Urmeneta: lekukotasuna eta gogoeta

2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Pertsonalki ezagutu eta tratatu nuen nik Miguel-Javier Urmeneta. Pertsona konplexua eta bihotzekoa zen, eta bere baitan bilduak zituen Vasconia zaharraren eta bizi izatea egokitu zitzaion garai latzaren kontraesanak. Hura ere bere konplexutasunaren jakitun zen; Arturo Campionen miresletzat zeukan bere burua, euskararen eta Nafarroako kulturaren maitale porrokatua izaki, eta aurrerabideaz kezkatua, eta, beharbada eta batik bat, pertsonen zailtasunekiko solidario, bihotzetik. Gizon sentibera zen Miguel-Javier Urmeneta, artearekiko zein lurrarekiko; betiere eskueran zegoen, laguntzeko prest, ikastolen hastapenean zein edozein kultur ekitalditan. Iruñe zaharrean ibili ohi zen, Arraras lagunarekin paseoan, behin erretiratu eta gero; txikitako lagunak ziren biak, udak Leitzan ematen zituzten garaikoak, eta, haiekin topo egiten nuen bakoitzean, hurrengo baterako geratzen ziren beti, elkarri beste hainbat eta hainbat kontu kontatzeko asmoz.

Azkenaldi honetan, Miguel-Javier Urmenetaren biziaz, haren inguruko historiaz hagitz eta modu anitzetan idatzi, eztabaidatu eta kontatu da, bai eta bete zituen karguez eta Nafarroako gizarteari eta Iruñeari egin zizkion ekarpenez ere. Bederen, ez naiz ni polemikan hasiko Nafarroako industrializazioari buruz interesatuki eragindako nahasmenaren inguruan, zeina ez baitzuten hasi ez Huartek eta ez Urmenetak, ez haiek biek soilik garatu ere, eta zeinagarai haren ondorio baizik ez baitzen izan hein handi batean. Argi utzi nahi dut: nik neuk badakart datu garrantzitsurik Miguel-Javier Urmenetari buruzko biografia oraindik argitaragabe baterako.

Ni neu naiz lekuko, hain zuzen, sasi-erreforma demokratikoaren garaian lau probintzia euskal-nafarretako gobernu idazkariaren kargua eskaini ziotela. Gutierrez Melladok egin zion eskaintza—«alde bietako pertsona bat da», hark zioenez—. Miguel-Javierrek hiru pertsona deitu gintuen harekin biltzera, oposizioko indarrekin hitz egin genuen, eta modu klandestinoan bildu ginen, erraterako, Donostiako Kaputxinoetan. 1975-76ko urteak ziren, eta batzuen batzuek legezkotasunaren izenean saldu zuten beren burua, ahantzirik beste hainbaten legez kanpoko tasuna, eta prostituitu egin zuten haustura asmoa, baina Miguel-Javier Urmenetak baldintza bat ezarri zien kargua onartu ahal izateko, «preso politiko guztientzako amnistia bermatu behar zuten», eta ez zuen onartu. Gero, FNIren abentura dorpean sartu zen, eta bere poltsikotik ordaindu behar izan zuen, eta txaketeroek deuseztatu egin zuten politikoki.

Miguel-Javier Urmenetak onartuko al zukeen urrezko dominarik, zenbaitetan hain modu baztertzailean eman direnetarik, «Bernardo Estornesi eman ez ziezaioten edo Paco Etxeberriari kentzearren»? Inork ez du jakinen sekula. Egia erranik, ez zituen arrunt gogoko ohore eta karguak, baina dohain sakonekoak bezain kontraesanezkoak zituen. Ni neu naiz lekuko, halaber, domina eta ohore frankori uko eginak direla euskal kulturako beste hainbat pertsona bihotzeko ere, hala bizirik nola behin hilik. Beharbada, horixe eginen zukeen Miguel-Javier Urmenetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.