Faltsukerien aurkako txertoa

Inoiz baino informazio gehiago eskura egonda ere, oraindik errotuta daude gezurretan oinarritutako terapiak eta jarrerak. Horren adibide dira homeopatia, txertoen inguruko konspirazioak eta minbizia 'sendatzen' duten sendabelarrak.
Haur bati txertoa ipintzen, artxiboko irudi batean.
Haur bati txertoa ipintzen, artxiboko irudi batean. RAUL GARCIA / EFE

Juanma Gallego -

2017ko ekainak 18

Hemen ez daude Lourdesko santutegian dauden ilarak, baina, noizean behin, norbait hurbiltzen da ur botila eskuetan hartuta. Bizkaiko Unbe Ganan aspaldi agertu ohi zen Ama Birjina, eta iragarpen ilunak bota zituen. Zorionez, horiek ez dira bete. Ohi bezala, iturri miraritsu bat dago han. Uraren analisi kimikoa eginez gero, bertan H2O eta ingurumen kutsadura besterik ez dagoela ikusiko litzateke. Baina sinestunari hori ez zaio axola. Ur horrek mina kentzen duela sinetsiko du. Dena dela, aita santuek ere onartzen dute medikuntzaren balioa, eta, osasun arazoak izatekotan, Erromako Gemelli klinikara jotzen dute normalean, gurutzea albo batean eta elektrokardiografoa bestean.

Inork ez luke espero botika batean Unbeko ura aurkitzerik. Analisi kimiko batek atzera botako luke. Baina horrelako zerbait topa daiteke Euskal Herriko botiketan. «Zientziaren oinarrizko printzipio guztien aurka doa homeopatia», azaldu du Josu Lopez-Gazpio EHUko kimikariak. «Argi dago ustezko sendagai horietan ez dela geratzen printzipio aktiboaren molekula bakar bat ere». Adituak azpimarratu duenez, homeopatian oinarritutako produktuek ez dituzte igarotzen sendagaiek gainditu behar dituzten testak. «Badirudi farmazietan saltzeagatik berme bat izan beharko luketela, baina ez da horrela. Saltzen dutena, finean, ura eta azukrea besterik ez da».

Plazebo efektua

Lopez-Gazpiok adierazi duenez, produktu horietan ez dago printzipio aktiborik. Baina, horrez gain, inoiz ez da frogatu plazebo efektua baino eraginkorragoak direnik. Hala ere, beraiei «funtzionatu» egiten diela azaltzen dute pertsona askok. Zergatik? Arrazoi asko eman ditu adituak. Batetik, plazebo efektua bera: «Frogatuta dago fedeak eragina daukala sendatzeko orduan». Bestetik, jende askok osagarri modura hartzen du, ohiko botikekin batera: «Laguntzeko edo». Hobekuntza homeopatiari aitortzen diote gero.

Ez dira arrazoi bakarrak. Kimikariak batez bestekora itzultzea deituriko fenomenoa ere aipatu du. «Gaixotasun kroniko asko ziklikoak dira. Sasiterapia hartzen hasten zarenean, normalean gaixotasunaren unerik txarrenean hartzen duzu. Zikloaren barruan, normalena da hobera joatea, eta, ondorioz, hartutako ustezko sendagai horri atxikitzen zaio sendatzeko gaitasuna». Kontrolak modu zorrotzean egiten direnean, berriz, efektu hori bertan behera geratzen dela esan du.

Azkenik, eta ohiko botikekin alderatuz, homeopatiari abantaila bat aitortu dio: albo ondoriorik ez du. «Nola izango du ba, ura eta azukrea besterik ez bada?». Ebidentzian oinarritutako medikuntzak mugak dituela gogoratu du adituak. «Argi dago ez daukagula gaixotasun guztiak sendatzeko hagaxka magikorik. Horregatik, hainbatek jotzen dute homeopatiara edo antzeko sasi medikuntzetara».

Albo ondoriorik gabeko ura eta azukrea, beraz. Zer kalte egin dezake? Maiatzean Italia aztoratu zuen gertakaria erantzun bat izan liteke. Antibiotikoa erabili beharrean, otitis larria zuen zazpi urteko ume bat homeopatiarekin besterik ez zuten tratatu gurasoek, eta hil egin zen. «Gezur batean oinarritutako botika batek beti egingo du kalte», ohartarazi Eider Carton Elhuyar Zientziako kazetariak. «Beste sineskeria batzuen aurrean ahulago bilakatzen gaituelako. Homeopatia probatzen duzun modu berean, beste gauza batzuk probatzen dituzu. Normalean ez dago inor homeopatia hartu eta beste sasiterapiak ukatzen dituena. Lotuta doaz».

Cartonek gertutik aztertu ohi du sasiterapien inguruan gertatzen dena. Esaterako, maiatzean Josep Pamies enpresari eta petrikiloa Euskal Herrira zetorrela entzun zuenean, «sustoa eta pena» hartu zituela adierazi du. «Gainera, nire herrian [Hondarribiaz ari da] dagoen udal areto nagusian izan zen; eta gela bete zen». Cartonek udalera jo zuen, horren aurka protesta egiteko. «Oraindik erantzunaren zain nago», mintzo da, kexu.

Ausardiaren beharra

Nolatan, ba, horrenbeste kezka hitzaldi bat dela eta? Ez al da Josep Pamies multinazionalen aurkako ekintzaile bat, gizarte justuago baten alde lanean ari dena? «Ez gara ari ikuspuntuez edo iritziez hizketan. Datuen eta frogen inguruan hitz egiten ari gara. Gizon honek ukatu egiten ditu frogatuta dauden gauzak», erantzun du Cartonek.

Pamies Horticoles enpresako buruaren esanak ezagunak dira. Esaterako, esaten du GIBaren edo C hepatitisaren birusak ez direla isolatu, eta sendabelarren bitartez senda daitezkeela. Ebola sendatzeko giltza ere baduela dio. Are gehiago, bere inguruan eratutako Dolça Revolucio elkartearen webgunean minbizia sendatzeko sendabelarrak eros daitezke: 8 euroren truke. Aste honetan bertan, azken mezu «lasaigarri» bat zabaldu du: «Azaleko Minbiziaren Nazioarteko Egunean, berriro diot: eguzkia ez da minbizi eragilea; agian bai, hein batean, eguzkitik babesteko kremak».

Cartonek argi du erakunde publikoek ez lioketela hausporik eman behar horrelako mezuak zabaltzen dituen pertsona bati. Ausardia eskatu du. «Agian erakundeek beldurra diote espazio publiko bat ukatzeari. Baina pentsa, esaterako: zer gertatuko litzateke holokaustoa inoiz ez zela existitu dioen pertsona bat etorriko balitz? Ez dut imajinatzen horrelako pertsona batek hitzaldi bat ematea lortuko lukeenik, gizartean badagoelako adostasun bat horren inguruan: inork ez du izan nahi horrelako ukazio baten konplize. Baina zientziak ez du lortu estatus hori, eta Pamiesen gisako pertsonek askatasun handia daukate gezurrak zabaltzeko».

Kultura zientifikoa sustatzeko premia azpimarratu du Cartonek, baina zientziaren komunikazioan ere autokritika egiteko beharra dagoela uste du. Besteak beste, zientziaren inguruan dauden puntu ilunak salatzeko: «Zientziaren komunikazioan aritzen garenoi autokritika pixka bat egitea tokatzen zaigu, nola lortu diskurtso zientifikora erakartzeko zail diren lagun horiengana iristea. Irainen bidez kontra eginez gero, ez dugu ezer lortuko. Lubakitik lubakira, ez dugu aurrera egingo. Beste bide batzuk aurkitu behar ditugu harrapatoki horiek guztiak desaktibatzeko. Iruzurgile horiek lau pertsona engainatzeko aukera izan dezaten, eta ez ehun mila».

Izan ere, kultura zientifikoaren aldeko lanak oztopo ugari ditu. Pamiesi gorazarre egiten dioten artikuluak, esaterako, hainbat hedabidetan irakur daitezke, eta komunikabide handietan aurpegi ezagunek oso erraz zabaldu ditzakete sineskeriak. Javier Cardenas Espainiako telebista publikoko aurkezle ezagunak duela gutxi esandakoa da, esate baterako, azken adibidea: txertoen eta autismoaren arteko ustezko lotura hizpide izan du irrati batean.

Lopez-Gazpiok gogora ekarri du noizean behin zabaltzen den uste faltsu horren jatorria. «Andrew Wakefield izeneko zientzialari batek egindako ikerketa batean oinarritzen da. Baina gero frogatu zen ikerketa hori iruzurra izan zela, eta datu faltsuetan oinarritu zuela». Ondorioz, artikulua argitaratu zuen aldizkariak, The Lancet-ek, artikulua errefusatu egin zuen.

Kimikariak uste du irmo hitz egin behar dela halakoen inguruan: zalantzari zirrikiturik utzi gabe. «Ondo frogatuta dago txertoek funtzionatzen dutela. Ekarri dituzten onurak izugarriak izan dira. Jules Hoffmann Medikuntzako Nobel saridunak argi dio: 'Txertoek 1.500 milioi bizitza salbatu dituzte, eta umeak ez txertatzea krimentzat jo behar litzateke'».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordiziako herritar batzuk maskarak jantzita, atzo. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Agerraldiak ugaritu egin dira

Irati Urdalleta Lete, Iosu Alberdi Igor Susaeta

Beste bi foku agertu dira Nafarroan: Tuterakoan 23 pertsonak eman dute positibo, eta Iruñekoan, bostek. Ordiziakoan 58 dira kutsatutakoak; Murgarentzat, ez dago konfinamendua ezartzeko beharrik

 ©JON URBE / FOKU

Maskara, paisaiaren parte, era orokortuan ez bada ere

Arantxa Iraola - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria - Edurne Begiristain -Olatz Silva

Birusak hedatzen segitzen duela erakutsi dute azken egunotako datuek; izurriari euste aldera, beraz, maskararen erabileraren aldeko ahotsak ozentzen ari dira. Ez da uniformea erabilera. Errenterian, Hendaian eta Urruñan, Gasteizen eta Barakaldon izan da BERRIA erabilera aztertzeko.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Mikel P. Ansa

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hamazazpi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna