ANALISIA

Tolesturen artean

Ion Orzaiz -

2018ko abenduak 9
Sei hilabeteko deliberoa bukatuta, asteon heldu da 2016ko sanferminetako bortxaketaren auziko epaia, eta, gidoi eskaseko telefilm batean nola, gehienek espero zutena bete da: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du esplizituki zuzendu Probintzia Auzitegiak ekainean eginikoa, ez dio kargu hartu, eta ez du sala horretako hiru epaileen irizpide zalantzagarria auzitan jarri ere.

Sententzia berria gainetik ikusita, ez dirudi aldaketa nabarmenik dagoenik: zigor bera —9 urteko kartzela erasotzaileentzat— eta, are kezkagarriagoa dena, delituaren kalifikazio bera —abantailakeriaz eginiko sexu abusu jarraitua—. Azken hori da, hain zuzen, gizartearen asaldura eragin duena: 2016ko uztailaren 7an gertatutakoaren gutxiespen nabarmenari eutsi izana.

Izan ere, magistratu gehienek —bostetik hiruk— ez dute larderiarik, mehatxurik edota indarkeriarik antzeman bost gizonen artean 18 urteko emakume bat inguratu, atari bateko gelan sartu, paretaren kontra immobilizatu, sexu harremanak izatera behartu, bideoan grabatu eta telefonoa lapurtzeko ekintza planifikatu eta sobera frogatuan. Erasoari eraso kategoria ere ukatu diote, bai Probintzia Auzitegiak ekainean, bai Auzitegi Nagusiak orain.

Badago heldulekurik, ordea.

Epaiaren tolesak aztertzen hasita, esperantzarako zirrikitu bakan batzuk antzeman daitezke. Alde batetik, sanferminetako gau hartan gertatutakoaren kontakizuna bera: aurreko sententziak frogatutzat jo zuen biktimaren bertsioa, baina Zuzenbideko aditu askok lardaskeriatzat jo zuten testua, frogatutako egitateak ongi azalduta ez zeudelakoan. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epai berriak zuzendu egin du puntu hori, zalantzarako tarte oro ezabatuz. Hala, magistratuek antzu bihurtu dute erasotzaileen abokatuek azken hilabeteetan erabili duten argumentu nagusia; alegia, indarkeria eta mehatxu espliziturik ezean, «adostutako sexu harremana» izan zela. Esanguratsua da, halaber, sententzia berriak ez diola aipamenik ere egiten Ricardo Gonzalez epaile ultrakontserbadoreak ekainean emandako boto partikularrari, bertan jasotako argudioak —akusatuen absoluzioaren aldekoak— de facto baztertuz.

Probintzia Auzitegiak kontuan hartu ez zuen faktore bat ere aintzatetsi du Auzitegi Nagusiak: intimitatearen aurkako delitua. Pertsona bat bortxatzea, sakelakoarekin grabatzea eta lagunen Whatsapp taldean kontatzea biktimaren intimitateari bete-betean erasotzen dion delitua dela ulertu du Auzitegi Nagusiak, eta Probintzia Auzitegiari agindu dio puntu hori berriz epaitzeko.

Azkenik, bi magistratuk sententziari erantsitako boto partikularrak pisu handia izan dezake auziaren bilakaeran. Txosten horretan, zurian beltz jasotzen da Sanferminetako bortxaketa sexu abusua ez, sexu erasoa izan zela, eta, salako epaileen %40en babesa jaso duela ikusita, balantza akusazioaren aldera lerratzeko balio dezake.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna