urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Alkate kurduak

2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
DTP Batasuna mõ?» (DTP Batasuna bezalakoa da?) galderari erantzuteko deitu zidaten duela hamar urte NTV telebistatik (artean hedabide independente samarra zen sasoian, gerora Erdoganen kordako bihurtu da —bihurtu dute—, herrialdeko panorama mediatiko gehiena legez), Istanbulen bizi nintzela. Kurduen mugimenduaren DTP alderdia (Gizarte Demokratikoaren Alderdia) debekatuko zuten zurrumurrua zebilen, eta platora joatera gonbidatu ninduten, Espainiak legez kanpo utzitako Batasunaren kasuaz hitz egiteko.

Euskal Herritik, independentismoak Espainia Turkiarekin konparatzeko joera dauka sarritan, Madrilen jarrera autoritarioak salatzeko. Turkian kontrakoa gertatzen da: Gobernua bera da Espainiaren adibidea aipatu ohi duena. Hau da, «Europako Batasuneko kide batek dena delako hori egin badezake, guk zergatik ez?». Hori, bistan da, alderdi bat legez kanpo uztea zen, duela hamar urte.

Neurri batean, Turkiaren ilegalizazioak Espainiak ezker abertzalearen aurka egindakoa baino bigunagoak ziren: Euskal Herrian ezker independentista hauteskundeetatik eta erakundeetatik kanpo geratu zen; Turkian berriz, alderdiari izena aldatuta konpondu zen. Diyarbakirgo egoitza berera joango zinen biharamunean kazetari gisa elkarrizketa egitera, pertsona berberak egongo ziren, eta sarrerako ikurra eta siglak izango ziren aldatutako gauza bakarra.

Botere borroka ere bazegoen: kemalismo laiko baina militarista zaharra zegoen alde batean, Errepublikaren balio nazional monolitikoen defentsan, eta Erdoganek erraza zuen demokraziaren karta jokatzea haien aurrean. Kurdistanerako bake-prozesuak ere posible zirudien, eta interes berezia izan zuten udalerri kurduek Udalbiltza bezalako esperientzietan. Oso urrun diruditen sasoiak dira: kurduerazko hezkuntzak ere posible zirudien, eta uneren batean Erdoganen alde ere bozkatu zuten hainbat kurduk, kontserbadoreek bereziki.

Egunotan, berriz ere Espainia izan du hizpide Turkiak, hartu berri duen neurri bat justifikatzeko: kurduek gehiengo osoz irabazi zituzten hauteskundeetatik bost hilabete ere igaro ez direla, Diyarbakir hiriburuko eta Van eta Mardin hiri garrantzitsuetako alkateak kargugabetu ditu, PKK gerrilla kurduarekin harremana dutela egotzita. %54tik %63ra bitarteko babesa lortu zuten martxoaren 31ko hauteskundeetan, baina astirik ere ez dute izan HDPren agenda feminista eta ezkertiarra eta abertzalea abiarazteko. Hiru alkate ohien ordez, Gobernuaren menpeko «arduradun» bana inposatu dute agintean (legeak udalbatzaren esku uzten du alkatea nork ordezkatuko duen hautatzea, auzapeza hilko balitz edo edozein motibogatik lanean segitzerik ez balu, baina Ankararen menpeko gobernadoreak inposatu ditu udal agintari berriak). Adnan Selçuk Mizraklõ Diyarbakirgo alkateak «demokraziaren azken hondarrak» kendu dituztela salatu ditu.

Nazioarteko protesten aurrean, Espainia izan du berriz ere hizpide Turkiak, Europan ere antzekoak egiten direla nabarmentzeko. Espainiako auzitegiek «euskaldunen eta katalanen aurka» hartutako neurriak aipatu ditu, azken horien kontrakoak batez ere: «Katalunian autonomia bertan behera utzi zutelako». «Indarkeria-ekintzarik egon ez arren, hamabi arduradun katalan auzipetu dituzte, eta ordena konstituzionala indarkeria eta desobedientzia bidez haustea leporatu diete», esan zuen asteazkenean Suleyman Soylu Turkiako Barne ministroak.

Tristea da Turkiako Gobernuak independentismo katalanaren mezuak erabiltzea bere burua indartzeko, baina ulergarria ere bada: EBko herrialde batek egiten badu, bere ustezko estandar demokratiko guztiekin, zergatik ez du estandar demokratiko bera izango Turkiak? Egoerak ez dira alderagarriak—sekula ez dira, azken batean—, eta kurduentzat neurri gogorra da asteon gertatutakoa.

Euskararen esperientzian inspiratuta ekin zioten Diyarbakirgo Udalean hizkuntza planari, 2016an, udal hura ere desegin eta arduradunak espetxeratu zituzten arte. Berehala seinale elebidun guztiak kendu zituzten, eta turkiera hutsezkoak ezarri. Demokratikoki lortutako botere apurra ere ukatuta, Turkiako demokrazian ez daukatela lekurik, horixe da helarazten zaien mezua. Pobrezia, bazterketa, okupazio militarra, herrien txikizioa eta nortasun kurduaren eta hizkuntzaren ukazio sistematikoa aurrean izanda, mugimendu ezkertiar, feminista eta zabala eratu dute kurduek, Siriako Rojavan agerian uzten ari diren legez. Eta, berriz ere, nazioarteko presioa eta elkartasuna behar dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.