Festa gutxi izan da mendeurrenean

Alavesek apenas izan duen ospatzeko ezer 2021ean. Gozakaitz aritu da sasoi gehienean, hiru aldiz aldatu du teknikariz, eta jaitsiera postuetan iritsi da urte bukaerara. Mendilibarren esku dago orain taldearen agintea.

Alaveseko Joselu Mato eta Victor Laguardia, burumakur. M. ANGEL MOLINA / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Beste urte gorabeheratsu bat izan du Alavesek. Betidanik izan du joera hori, duela ehun urte sortu zenetik. Eta mendeurrenak ez dio egonkortasunik ekarri. Pandemiak ez du ospakizun handietarako aukerarik eman, eta taldearen jarduna ere ez da izan suziriak botatzeko modukoa: jokatu dituen 44 partida ofizialetatik, 25 galdu, zortzi berdindu eta soilik 11 irabazi ditu. Mailari eusteko kapaz izan zen aurreko sasoian, Javi Callejak berpiztuta; alabaina, teknikariak ezin izan die jarraipena eman orduko emaitza onei, eta agortu egin du Alaveseko agintarien pazientzia urria. Jose Luis Mendilibarrek ordeztuko du.

HASIERA NEGARGARRIA

2021ari ekin orduko harrotu ziren urak Arabako taldean: urteko lehen bi partidak galdu zituen, eta, ondorioz, kargugabetu egin zuten Pablo Machin. Oraindik jaitsiera postuetatik kanpo zeuden gasteiztarrak, baina, gaitz handiagoak saihesteko, Abelardo Fernandez izendatu zuten entrenatzaile. Espainiarraren bigarren aroa izan zen Alavesen aulkian, eta ez zuen aurrenekoaren batere antzik izan. Hasteko, oso makalak izan ziren emaitzak: arabarrek bost puntu besterik ez zuten lortu espainiarrak zuzendutako 11 partidetan. Gainera, gaiztotu egin zen talde barruko giroa. Horiek horrela, Alaves sailkapeneko azken postuan iritsi zen 30. jardunaldira.

CALLEJA SALBATZAILE

Amore ematen hasia zen taldea, baina galbidetik ateratzen lagundu zion Callejak. Jokoaren arloan egiturazko aldaketak egiteko denborarik ezean, jokalarien fedea eta konfiantza hauspotzea izan zen haren lehentasuna. Entrenatzailearen itxaropena islatu egin zen zelaian, eta irmotasuna eta eraginkortasuna berreskuratu zituen Alavesek, baita talde barruko batasuna ere. Horrek guztiak azken txanpan hamabost puntu lortzeko balio izan zion. Salbazioa lortzeko aski eta sobera. Eginiko lan onaren aitortza gisa, klubak 2023ra arte luzatu zion kontratua Callejari.

KAPITAINAREN AGURRA

Behingoz proiektu sendo eta iraunkor bat eraiki nahi zuten gasteiztarrek, etaeskarmentu urriko baina etorkizun ustez oparoko jokalarien alde egin zuten apustu udako merkatuan. Bada, ekarpen urria egin dute orain arte. Taldearen bizkarrezurra, dena den, azken urteetako berbera da: Pacheco, Laguardia, Rioja eta Joselu dira orno nagusiak aurrelaria gogoz kontra gelditu zen hasieran. Haatik, ez zioten kontratua berritu Manu Garciari, eta kapitainak agur esan behar izan zuen, Alavesen elastikoa bederatzi denboraldiz jantzi ostean.

MUTUR BATETIK BESTERA

Callejaren gidalerroei jarraituz eratu zen taldea, azken urteetako ildoa alde batera utzi eta futbol finagoa egiten hasteko. Teknikariaren plana paper erre bihurtu zen berehala, emaitza txarrak kateatzen hasi orduko. Alaves ez zen gai jokoa lantzeko, eta guztiz galdu zuen lehiatzeko gaitasuna. Sasoiko lehen bost neurketak galdu zituen, eta, Atletico Madrili ezustean irabazi arren, hurrengo bi lehietan ere esku hutsik gelditu zen. Kolokan zegoen Callejaren etorkizuna. Eta, halako batean, suspertu egin ziren arabarrak: garaitu egin zituzten Cadiz, Levante eta Elx, eta meritu handiko berdinketak lortu Bartzelona eta Sevillaren zelaietan.

BUKAERA BETILUN

Pozak gutxi iraun dio Alavesi, berriz ere oso emaitza txarrak izan baititu azken hilabetean. Ligan, jokoan izan diren azken hamabost puntuetatik bakarra poltsikoratu du; eta Kopan, etxera bidali zuen bi maila beheragoko talde batek, Linaresek. Oporretara joan aurretik, 5-2 gailendu zitzaion Vila-real, eta hura izan zen Callejaren azken partida Alaveseko entrenatzaile gisa. Arabako taldea jaitsiera postuetan iritsiko da 2022ra, eta, seigarren urtez jarraian mailari eusteko asmoz,Mendilibarri eman diote lema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.