D Systems Baskonia 87-67 Izar Gorria

Izango ditu zailagoak

TD Systems Baskoniak erraz irabazi du Izar Gorriaren aurka (87-67). Euroligako kanporaketak jokatzeko aukera dauka oraindik

Fall, baloia harrapatu nahian atzo, lehen laurdenean, Izar Gorriko aurkariak inguruan dituela. JAZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
TD Systems Baskonia. Vildoza (14), Giedraitis (14), Peters (9), Polonara (12) eta Fall (20) —hasierako bostekoa—, Raieste (5), Jekiri (6), Henry (3), Sedekerskis (2), Diop, Dragic eta Kurucs.
Izar Gorria. Uskokovic (8), Loyd (14), Lazic, Simonovic (3) eta Kuzmic (9)—hasierako bostekoa—, Walden (10), Davidovac (8), Drobic (9), Radanov, Jagodic-Kuridza (6) eta Simanic.
Markagailua. 21-16; 48-27 (atsedenaldia); 66-48; 87-67. Epaileak. Borys Ryzhyk, Carmelo Parternico eta Hughes Thepenier (Francia).

Partida errazak izaten dira noizbehinka kirol profesionalean ere. Batzuetan, elkarren segidan ere bai, baina halakoak sailkapenean nabarmentzen ari den taldeari tokatzen zaizkio gehienetan, eta ez erdialdean dabilenari. Kontua da TD Systems Baskonia, Euroligako 11. sailkatua oraintxe, bide errazetan ibili dela azken bi jardunaldietan. Atzo, Izar Gorria astindu zuen (87-67), eta aurreko jardunaldian, Khimki. Sailkapeneko azkeneko bi taldeei irabazi egin behar zien Top8rako sailkatzeko aukerari eusteko, eta atzo osatu zuen ziklo txiki hori.

Laugarren garaipena du segidan Dusko Ivanovicen taldeak, eta, bolada on horri esker, bira dauzka zortzigarren, zazpigarren eta seigarren sailkatuak, eta hirura bosgarrena eta laugarrena. Zortzi partida falta dira liga erregularra bukatzeko. Izar Gorriak, aldiz, ez du inolako aukerarik, etazazpigarren partida segidan galdu zuen atzo.

Horrelakoetan, faboritoa denari ez zaio komeni izaten aurkariari haizea ematea. Onena serio hastea izaten da, emaitzan aldeak azkar jartzea. Horixe egin zuen Baskoniak, eta lehen zatian alde erabakigarria jarri zuen. Ederki baliatu zuen serbiarren hutsune saldoa barruko jokoan, Kuzmic bakarrik baitzuten pibot lanetarako. Yusufa Fallek bereak eta bi egin zituen hasiera hartan: zortzi puntu saskiratu lau minutu eta erdian. Zortzigarren puntuarekin, 14-3koa jarri zuen markagailuan. Gainera, Kuzmici bi falta atera zizkion, eta aulkira joan behar izan zuen. Garaipenaren bideko aurreneko sastrakak garbituak zeuzkan etxeko taldeak hasiera eraginkor horrekin. Ez zituen asko gehiago aurkitu gero.

Saskipean nagusi zen Baskonia, erreboteetan ere bai, eta, nola saskiratze errazak ari zen egiten, biko jaurtiketen batezbestekoa oso handia zeukan. Dena ezin izan, baina, biribila, eta Izar Gorria esnatu egin zen, erasoko erreboteari etekina ateraz. 21-16 bukatu zen aurreneko laurdena.

Bigarren laurdenaren hasieran, defentsako jarduna bizitu egin zuten Ivanovicenek, eta, erasoan pixka bat asmatzeari esker, bederatzi puntura igo zuen aldea. Koska handiagoa Fall eta Luca Vildoza kantxaratzean egin zuen. Atsedenaldira joateko hiru minutu falta zirela, 22koa zen (42-20). Serbiarrek hain puntu gutxi sartzea oso adierazgarria zen. Aldagelara 21en aldearekin joan zen Baskonia (48-27).

Ondoren, betelana

Bigarren zatiko aurreneko laurdena serbiarrentzat izan zen, baina estutasunik ez zion eman Baskoniari, laugarren laurdenari 66-48ko emaitzarekin ekin baitzion etxeko taldeak.

Estutasun handixeagoak izatetik gertuago egon zen gero. Izan ere, Izar Gorriak hamabi puntura jartzeko aukera ere izan zuen zazpi minutu falta zirela, baina, azkeneko bost minutuetan, lehengora itzuli zituen aldeak Baskoniak, Pierria Henry eta Vildoza batera aritzearekin batera.

Saskiratzailerik onena Fall izan zen, 20 puntu sartuta —bere marka onena du Euroligan—. Datorren astean bi partida ditu Baskoniak: asteazkenean, etxean, Olympiakosen aurka, eta ostiralean, Bartzelonan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.