Benidorm 27-28 Bidasoa

Lehen pausoa eman du

Bidasoak gol baten aldeaz irabazi dio Kopako final-laurdenetan Benidormi. Gaur dauka finalerdia, Ademar Leonen aurka (16:30)

Julen Aginagalde penalti bat jaurtitzen, atzoko partidan. Lau sartu zituen denera. J.J. GUILLEN / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Benidorm. Roberto Rodriguez; Mario Lopez (8, 3p), Lignieres, Mendez, Parker (2), Folques (7, 2p) eta Porras (4) —hasierako zazpikoa—Tercariol, Rivero, Spiljak (3p), Oliver,Emil Feuchtmann (1), Grau, Nolascoeta Rodriguez (2) eta Nikcevic.
Bidasoa. Sierra; Odriozola (3), Salinas (5, 1p), Tesoriere, Bonanno, Aginagalde (9, 4p) eta Crowley (1) —hasierako zazpikoa— Ledo, Cavero (1), Racotea (1), Zabala (1), Serrano, De la Salud (2, 1p), Azkue (5), Matheus eta Nieto.
Markagailua. 3-2, 4-6, 7-8, 9-9, 11-12 eta 12-15 (Atsedenaldia) 14-18, 17-20, 19-22, 21-24, 23-26 eta 27-28. Epaileak. Bustamante eta Alvarez Mata. Bestelakoak. 100 ikusle Madrileko Wizink Centerren.

Bidasoak lortu du aurreko bi denboraldietan egin ez zuena: Espainiako Kopako final-laurdenetako kanporaketa gainditzea. Benidormi irabazi zion atzo, Madrilen (27-28), eta gaur izango du finalerdia, Ademar Leonen aurka (16:30, ETB4). Bide batez, aurreko sasoiko kirol mendekua hartu du, orduko hartan gaurko kontrarioak utzi baitzuen kalean.

Azkeneko jokaldian erabaki zen partida. Hogei segundo falta ziren, eta baloiaren jabe Benidorm zen. Atezaina aulkian utzi, eta zortzi jokalari atera zituen erasoan. Bidasoak sei zeuzkan defentsan, eta Jose Manuel Sierra atezaina atepean. Lopez eskuin hegalekoa sartzeko antolatu zuten jokaldia, eta ondo atera zitzaien. Hobeto aritu zen, ordea, Sierra, geldiketa bikaina egin baitzion eskuin hegaleko abilari. Horrela bukatu zen finalerdia, eta horrela lortu zuen lehen kanporaketa gainditzea Bidasoak.

Horrenbesterako sufrikarioa izango zuenik Euskal Herriko taldeak ez zuten askok pentsatu partidan zehar. Ez, behintzat, partida bukatzeko hamar minutu falta zirenean, Bidasoak hiru golen aldearekin ekin baitzion azkeneko txanpari. Gol koska ez zen handia, baina bai partida ematen ari zen itxura: irundarrek kontrolpean zeukaten jokoa, batzuetan errazago, besteetan zailtasun handiagoz, baina ez zuen ematen Benidormek luzapena lortzeko aukera izango zuenik azkeneko jokaldian. Are gutxiago lau golen aldea izanda lau minuturen faltan (23-27). Kontua da, baina, 27-28ra igaro zela emaitza.

Bukaera arteko bidean, Jacobo Cuetararen taldeak ez zuen asmatu erasoan —erasoko bi falta eta Iker Serranori Tercariolek geratutako jaurtiketa bat—, eta, gainera, 27. minututik 29. era Julen Aginagalde gabe jokatu behar izan zuen, bi minutuz kaleratu zutelako epaileek. Rodrigo Salinasek sartu zuen 28. gola Julenena gertatu eta berehala, eta hor bukatu ziren irundarren golak atzo. Beste bi sartu zituen Benidormek azkeneko txanpan, eta 27-28koarekin amaitu zen final-laurdenetakoa. Partidako jokalari onenaren saria Sierrari eman zioten, geldiketa erabakigarriaz gain beste asko ere egin zituelako; une garrantzitsuetan, zenbait.

Julen Aginagalde ere, bikain

Aginagalderi eman izan baliote ere, ondo emandakoa izango zen. Bederatzi gol sartu zituen pibotak (lau, penaltiz), eta defentsan ere lan handia egin zuen. Baita taldekideek ere. 6-0ko sistemarekin Benidormen jokoa geratzea lortu zuten une batzuetan. Erasoan, nola ia partida osoan aurretik joan zen —hasieran eta 21. minutuan izan zen bakarrik aurretik Benidorm—, eta bizpahiru goleko aldeak izan zituen sarritan (atsedenaldira, esaterako, 12-15 heldu ziren), kontrolaren aldeko hautua egin zuen, eraso luzeekin.

Sierra, Aginagalde eta taldeak defentsan eta erasoan egindako lana nahikoa izan ziren txapelketako aurreneko helburua lortzeko. Aurkariak lau penalti hutsegin izana ere lagungarria izan zen.

Gaur beste kontu batzuk izango dira. Ea Kauldi Odriozola osatzen den, jokatu bazuen ere atzo, berriz orkatileko lesioa azaldu zitzaiolako bigarren zatian. Ademarri azkenekoz sekulako astindua eman zion Bidasoak Leonen, baina Irunen, lehenago, kontrakoa gertatu zen lehen zatian, eta espainiarrek irabazi zuten azkenean. Oso irekia izateko traza dauka gaurkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.