Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Naturarekin bat egitea

Naomi Kawasek 'Vision' lan poetikoa aurkeztu du. Baso baten erdian jarri du Binoche protagonista, bizitzaz eta heriotzaz gogoeta egiteko

Juliette Binoche, Kawaseren filmeko protagonista, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Errealitatearen eta fantasiaren artean kokatu du Naomi Kawasek Vision filmean kontatzen duen istorioa. Japoniako baso batean girotua dago; natura da filmeko protagonista nagusia, eta, poesia bisualaren osagaiak baliatuta, gizakiak naturarekin konektatzeko duen premiaren aldarria egin du filmean. Lanak gogoeta egiten du bizitzaren zikloei, minari eta beste hainbat gairi buruz; Sail Ofizialeko lehian aurkeztu zuten atzo. Osasun arazoak direla eta, zinemagile japoniarrak ezin izan du Zinemaldira etorri, eta Juliette Binoche filmeko protagonista arduratu zen azalpenak emateaz proiekzio osteko agerraldian, Marianne Slot ekoizleak lagunduta.

Binoche Jeanne da filmean. Japoniara joango da, vision izeneko sendabelar bitxi bat aurkitu nahirik, kondairaren arabera gai denagizakiaren barne minak sendatzeko. Baso batean murgilduko da, eta Tomo basozaina (Masatoshi Nagase) ezagutuko du. Haren laguntzaz, bilaketa horretan barneratuko da, bere iraganari estu loturik dagoen bilaketa batean.

Aktorearen ustez, esanahi bat baino gehiago izan ditzake sendabelarraren bilaketak, Kawasek irekita utzi ohi baitu interpretazio ugari egiteko aukera, baina aktoreak berea eman zuen: «Nire pertsonaiak barneko egia mingarri bat onartu behar du, baina, nire ustez, zeure burua epaitu gabe onartzen duzunean, barruko argi bat pizten da. Zerbait sakona eta misteriotsua da». Ingurumena zaindu beharraz ere mintzatu zen aktorea, filmak mezu hori ere nabarmentzen duelako, haren ustez: «Uste dut beharra dugula naturarekin bat egiteko, geure ni sakonarekin konektatzeko. Esnatu, gogoeta egin, eta kontzientzia zabaldu beharko genuke; kontzientzia emozional bat behar dugu».

Naran jaioa da Kawase, eta eskualde horretako Yoshino mendien inguruko basoetan grabatu zuten filma, zeina «ama lurraren alegoria bat» den, Marianne Slot ekoizlearen ustez. «Naomik bere mundura eraman gintuen, eta, inork naturara gerturatu ahal bagaitu, hori bera da». Binochek adierazi zuen «hunkituta» ibili zela inguru haren edertasunarekin eta isiltasunarekin, eta horrek pertsonaiaren esentzia aurkitzen lagundu ziola. «Oso modu berezian egiten du lan Kawasek; mundu bat sortzen du zure inguruan. Mozketarik gabe jarduten du, eta harritu egin ninduen horrek».

Binochek gehitu zuen izugarri maite duela bere lanbidea. «Niretzat, aktore lana maitasun adierazpen bat da, edozein arte mota bezala. Egunerokoa ere izan daiteke artea, egiten duzun guztiarekin engaiatzeko modua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.