Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Naturarekin bat egitea

Naomi Kawasek 'Vision' lan poetikoa aurkeztu du. Baso baten erdian jarri du Binoche protagonista, bizitzaz eta heriotzaz gogoeta egiteko
Juliette Binoche, Kawaseren filmeko protagonista, atzo.
Juliette Binoche, Kawaseren filmeko protagonista, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko irailak 27
Errealitatearen eta fantasiaren artean kokatu du Naomi Kawasek Vision filmean kontatzen duen istorioa. Japoniako baso batean girotua dago; natura da filmeko protagonista nagusia, eta, poesia bisualaren osagaiak baliatuta, gizakiak naturarekin konektatzeko duen premiaren aldarria egin du filmean. Lanak gogoeta egiten du bizitzaren zikloei, minari eta beste hainbat gairi buruz; Sail Ofizialeko lehian aurkeztu zuten atzo. Osasun arazoak direla eta, zinemagile japoniarrak ezin izan du Zinemaldira etorri, eta Juliette Binoche filmeko protagonista arduratu zen azalpenak emateaz proiekzio osteko agerraldian, Marianne Slot ekoizleak lagunduta.

Binoche Jeanne da filmean. Japoniara joango da, vision izeneko sendabelar bitxi bat aurkitu nahirik, kondairaren arabera gai dena gizakiaren barne minak sendatzeko. Baso batean murgilduko da, eta Tomo basozaina (Masatoshi Nagase) ezagutuko du. Haren laguntzaz, bilaketa horretan barneratuko da, bere iraganari estu loturik dagoen bilaketa batean.

Aktorearen ustez, esanahi bat baino gehiago izan ditzake sendabelarraren bilaketak, Kawasek irekita utzi ohi baitu interpretazio ugari egiteko aukera, baina aktoreak berea eman zuen: «Nire pertsonaiak barneko egia mingarri bat onartu behar du, baina, nire ustez, zeure burua epaitu gabe onartzen duzunean, barruko argi bat pizten da. Zerbait sakona eta misteriotsua da». Ingurumena zaindu beharraz ere mintzatu zen aktorea, filmak mezu hori ere nabarmentzen duelako, haren ustez: «Uste dut beharra dugula naturarekin bat egiteko, geure ni sakonarekin konektatzeko. Esnatu, gogoeta egin, eta kontzientzia zabaldu beharko genuke; kontzientzia emozional bat behar dugu».

Naran jaioa da Kawase, eta eskualde horretako Yoshino mendien inguruko basoetan grabatu zuten filma, zeina «ama lurraren alegoria bat» den, Marianne Slot ekoizlearen ustez. «Naomik bere mundura eraman gintuen, eta, inork naturara gerturatu ahal bagaitu, hori bera da». Binochek adierazi zuen «hunkituta» ibili zela inguru haren edertasunarekin eta isiltasunarekin, eta horrek pertsonaiaren esentzia aurkitzen lagundu ziola. «Oso modu berezian egiten du lan Kawasek; mundu bat sortzen du zure inguruan. Mozketarik gabe jarduten du, eta harritu egin ninduen horrek».

Binochek gehitu zuen izugarri maite duela bere lanbidea. «Niretzat, aktore lana maitasun adierazpen bat da, edozein arte mota bezala. Egunerokoa ere izan daiteke artea, egiten duzun guztiarekin engaiatzeko modua».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna