KRITIKA. Zinema

Norbere mamuaren iheska

Andoni Imaz.
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun

'Top Gun: Maverick'

Zuzendaria: Joseph Kosinski. Aktoreak: Tom Cruise, Miles Teller, Jennifer Connelly, Glen Powell, Jon Hamm. Herrialdea: AEB.Iraupena: 131 minutu.

Urte batzuk pasatu dira Tony Scotten Top Gun estreinatu zutenetik (1986), eta, bere sinpletasun eta ergeltasunean, filmak erakarpen misteriotsu bat du gaur egun; Hollywoodeko zinemaren fetitxe bitxi bat bilakatu da. Propaganda militar hutsa da, Ronald Reaganen AEBen garairik ilunenean egina; beltza politikan, eta ez bereziki argia zineman. Bideoklip itxurako pop istorio hura izan zen Tom Cruise izarretan izarraren jaurtigailua. Filmaren pareko misterio bat da bera: egoskor, modu harrigarrian, zahartzeari uko egiten dion aktore bat. Horrela iritsi da Top Gun: Maverick sekuela berantiarrera.

Film berriaren abiapuntua misio zentzugabe eta irrigarri bat da: izenik ere ez duen estatu «gaizto» baten gordeleku atomikoa bonbardatzea. Dagoeneko ez Reaganen aroan, baizik eta munduko gastu militarra inoiz baino handiagoa den garai batean.

Lehen filmaren mamua segika du Top Gun: Maverick-ek: iraganeko maitasunak, kontu kitatzeak, argi laranja, hondartzako kirol saioak... Denboraz kanpoko film bat da, eta erdian dago Pete Maverick Mitchell (Cruise): bere buruaren ikono bat.

Cruiseren filmografian, aspaldiko kontuak dira Stanley Kubricken, Paul Thomas Andersonen eta Steven Spielbergen filmak: azken urteetan, Tom Cruiseren filmak besterik ez ditu egiten. Azpigenero bat da ia. Aktorea da autorea. Eta ezin da ukatu: horretan ez du parekorik.

Autokontzientzia ariketa horretan, Cruisek izan du aukera bere buruaz eta bere errepresentazioaz hausnartzeko, baina, azkenerako, gehiago egin du bere aktore ahala justifikatzeko lan bat, gidoi nartzisista bat eta lehen zati lotsagarri samar bat dituena. Nostalgia edulkoratuz inguratuta, tarteka, pertsonaiak izaten du azkar hegan egiteaz haragoko kezkaren bat, hala ere, batez ere Icemanekin (Val Kilmer) duen elkarrizketa hunkigarri batean.

Bizitzaren eta heriotzaren arteko hari fin horretan jolastera ohituta dago Maverick, eta, hain justu, horiek dira filmaren unerik gogoangarrienak, bere asmoak muturreraino eramanda egiten dituen erakustaldiak, bereziki lehen sekuentzia eta ikasleei emandako lezioa. Orduan ageri da argien Cruiseren pentsamoldea, dena azken mugara estutzeko grina itsu hori, dena emateko prest baitago gainbehera dagoen guztia salbatzeko: AEBen inperioa, zinema aretoetako esperientzia eta baita bere burua ere.

Akziozko film estimagarri eta estimulatzaile bat da, eta abentura filmatzeko moduak bereizten du gaur egungo produktu askotatik: efektu optikoak lehenesten ditu digitalen gainetik, muntatzea baliatzen du kontakizunari kohesioa emateko, eta ardura handiz diseinatu ditu espazioak eta konposizioak. Joseph Kosinskik ulertu du gorputzek inporta dutela gehien, eta halaxe filmatu ditu hegazkinak eta pilotuak, eta, batez ere, Cruise ahalguztiduna. Oroitzapen bihurtu nahi duten gorputz bat, noizbait itzali beharko dena; baina gaur ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.