Albistea entzun

Maitasunari eskainia

Norberegandik urrunen direnen maitasuna eta ondokoei diena ardatz hartuta egin du 'Maite dut' ilustrazio liburua Lorena Martinezek
Lorena Martinez, Apal dendako erakusketako ilustrazioekin.
Lorena Martinez, Apal dendako erakusketako ilustrazioekin. J. C. RUIZ / ARP

Araitz Muguruza -

2014ko uztailak 27

Itzulingururik egin gabe dio Lorena Martinez Oronozek (Irun, Gipuzkoa, 1973) maitasunari egindako lana dela Maite dut (Edo argitaletxea): «Maitasun erromantikoari buruzkoa baino gehiago, maitasun errealaren inguruko lana da». Norberegandik urrunen dagoenaren maitasunetik gertuen dagoenarenerako bidea egiten du ilustrazioen bidez, eta, bide hori azaltzeko, poema bat ere argitaratu du.

Inguruan aurkitu du inspirazioa Martinezek. «Bizitzari diodan maitasuna marraztu nahi nuen». Bizitzen ari den garaiarekin zerikusi zuzena izan duela dio: «Bigarren alaba jaio berritan, oso garai zoriontsuan nengoen, eta handik sortu zen lanaren ideia». Adierazi du, baina, ideia izan eta gauzatu arte denbora behar izan duela. «Apurka-apurka joan naiz eginez; hasieran arkatzarekin egin nituen zirriborro gehienak, eta denborarekin horiek osatuz joan naiz. Prozesu luzea izan da».

Orain arte, ilustrazioetan baino ez da aritu Martinez. Enkarguzko lanak egitetik bizi da, baina, Maite dut lanean, beste profil bat lantzeko aukera izan du: idazlearena. Aurreneko aldiz argitaratu dute Martinezek sortutako poema bat. Horregatik, azkenengo lana orain arte egindako lanen aldean «pertsonalena» dela zehaztu du: «Argitaletxeekin lan egin ohi dut, liburuetako ilustrazioak eta jolasetako marrazkiak eginez. Azken lan hau, beraz, niregandik gertuen dagoen lana da, gertuen sentitzen dudana».

Nabarmendu nahi izan du Maite dut ez dela poema ilustratu bat. Obra ontzen ari zenean, bi ekintzak, marraztu eta idatzi, aldi berean egin zituen. «Margotzen nuen aldiro, hitz bat bururatzen zitzaidan; elkarri lotuta egon dira momentu oro, dena batera edo paraleloki egin dut». Eta horrela lortutako hitzen sonoritatea «izugarri» gustatu zaiola aitortu du: «Eguzkia, izarrak, lurra, lilia, etxea, zu... Hitz horien ordena propio bilatu dut, lanak nik nahi dudan soinua izan dezan». Ilustrazioek ere ordena bera daukate: zerutik norbanakora egiten dute, eta, tartean, loreak, giltzak eta eskuak daude irudikatuta, besteak beste. «Loreekin, adibidez, emakumearen emankortasuna eta sortzeko duen gaitasuna irudikatu nahi nuen, aurrera egiteko duten indarra adierazteko».

Apal dendan, erakusketa

Moztutako paperen collageen bidez egindakoak dira ilustrazioak. Hasierako ideia ahalik eta gehiena sintetizatzen ahalegindu da Martinez, hitzaren esentziara iritsi den arte. Marrazki originalak Donostiako Apal dendako erakusketan daude, irailaren 21era bitarte. Marrazki berak oihalean erreproduzitu ditu Mantto Oronoz Badiolak, Martinezen amak. Apaingarri gisa balio dutela nabarmendu du artistak, horman zintzilikatzeko edo sofetako kuxin moduan erabil daitezkeelako. Hamasei erreprodukzio egin ditu Oronozek.

Hain zuzen ere, amaren aldetik datorkio Martinezi zaletasuna: «Aitona arrantzalea eta margolaria zen, eta haren seme-alaba guztiek jaso dute haren ukitu sortzailea. Horregatik, familian beti izan du presentzia arteak, edertasunak, koloreak...». Oronozek ere handik edan zuen, eta seme-alabei transmititu. «Gure etxean beti izan dute garrantzia», gogoratu du Martinezek.

Edo argitaletxearekin publikatu duen lehenengo lana da, eta aitortu du «oso gustura» aritu dela haiekin lanean. «Nik nahi dudan moduan lan egin dugu; neronek baloratzen dudan bezalaxe, haiek ere baloratu dute. Zaila izaten da honelako lanak publikatzen dituzten argitaletxeak aurkitzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Amaia Lasa, Getarian. ©JON URBE / FOKU

Itsasaldeko leihoan

Gorka Arrese

50 urte dira Amaia Lasa Alegriaren lehen poema liburua argitaratu zela. Gaur hasita, 'Kaioaren hegaldia' jardunaldiak egingo dituzte Getarian

Erakusketan bildu dituzten formatu handiko olioetako batzuk. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Itsasadarra, Ibarrolaren sotik

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko itsasadarreko langileak agertzen ditu 'Ibarrola itsasadarrean, ura, burdina, sua eta airea' erakusketak. Bilboko Itsasmuseumen ikusi ahal izango da, 2022ko urtarrilera bitarte

Manex Fuchs, Maite Larburu eta Ximun Fuchs, <em>Amua</em> antzezlanean. ©AINHOA RESANO

Maitasun amuak harrapatuta

Ainize Madariaga

Axut konpainia 'Amua' obra antzezten hasiko da berriz ere. Maitasuna abiapuntu gisa hartuz, eredu tradizionalaz gogoeta bultzatzea dute xede. Emanaldiez gain, material pedagogikoa ere prest dute

Blanco Txibite eta Zabaleta, Arretxeren argazki bati helduta, gaur, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Ion Arretxeren 'Intxaurrondo: intxaurraren hostopeko itzala' nobela euskaratu dute

Andoni Imaz

Josu Zabaletak itzuli du liburua, eta Erein argitaletxeak kaleratu. Zabalzarekin batera atxilotu zutenean jasandako torturak kontatu zituen Arretxek, lehen pertsonan idatzita. Lekukotasunaren garrantziaz gain, lanaren balio literarioa ere goraipatu dute editoreek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.