Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Liburu baten promesa

2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Eztabaidarako gogo gutxi dagoela dirudienez, beste gai batzuk jorratu beharko ditut gaurkoan. Pozik. Zertarako idatzi jende askorentzat ezeroso diren kontuez? Zertarako ekarri hona aurtengo Kritika Saria, besteak beste, sarien aurkako manifestuak sinatzen dituztenak ere isilik daudenean? Gainera, aste honetan bertan beste inkesta batek azaldu digu, berriro ere, euskaldunek euskarazko liburu gutxi, oso gutxi, irakurtzen dutela (txioak agian bai, edo artikuluren bat, diagonalean beti ere eta norberaren ideologiarekin bat baldin badator). Hala ere, ez dut nire ezkortasuna elikatu nahi. Pozik nago Ana Moralesek Judith Butler-en liburu bat euskaratu duelako (Genero nahasmendua, Elkar 2018), adibidez. Pozik, haize kontra ere, euskal idazle eta itzultzaileek segitzen dutelako (dugulako) hor, temati, euskal artaldearen erdian.

Pozik nago, oro har, eta Iñigo Astizen poema gogoangarri bat buruan (Reno, VitaMinima, Baita hondakinak ere liburuan, Susa 2012) nire barneko kontuak eta euskal irakurlegoari buruzko kezkak alde batera utzi ditut, vita minima horretara guztiz emana: hau da, etxetik atera naiz tabakoa, ogia eta liburu bat erostera, nire poztasunari eusteko une honetan behar dudan guztia. Tabakoarena eta ogiarena erraz bete dut, baina liburuarena ez. Banekien liburua ez zela liburudendan egongo, prestaturik joan naiz eta ekartzeko eskatu dut lasai.

Nire poztasuna gotorleku bat da eta liburua jasoko dudan minutu magikora ihes egin dit gogoak. Liburua gaztelaniaz dago (barkatu, barkatu), itzulpena da, eleberria, Sexto Piso-k atera du (orain dela zutabe pare bat aipatu nuen argitaletxe hori); izenburua: Qué queda de la noche; egilea: Ersi Sotiropoulos; gaia, eta horixe da garrantzitsuena: Konstantino Kavafis. Sare asozialetan edo sakelakoan kontsultatzen ditudan egunkarietako batean ikusi nuen erreferentzia. Ersi Sotiropoulos emakume greziarra da, Patrasen jaioa; antropologia ikasi zuen Italian, hainbat liburu (poesia, saiakera, eleberriak) idatzi du eta Grezian hainbat sari jaso; haren liburu batzuk ingelesez, frantsesez eta alemanez argitaratu dira. Eleberrian Ersi Sotiropoulosek kontatzen du edo irudikatu edo asmatu, irakurri dudanaren arabera, Konstantino Kavafisek 1897an Parisera bere anaia Jon-Konstantinorekin egin zuen hiru eguneko bisita laburra. Kavafisek hanbait anai-arreba izan zuen: Jon-Konstantino horri garai hartan Alexandrian Kavafis poeta deitzen omen zioten (ingelesez idatzi zuen); beste anaia bati, Paul izenekoari, aldiz, Kavafis homosexuala. Bitxia, benetan.

Nire poztasuna gotorleku bat da, baina harresi eta dorreetan sortzen diren arrakalak konpondu egin behar dira noizbehinka, beraz, etxera iritsi eta Kavafisen liburuak ireki ditut, zigarro bat eskuan azkenik (Kavafis erretzaile amorratua zen, laringe-minbiziak hil zuen). Egia esan, ia maiatzero berrikarkurtzen dut Kavafis: nire lagun batek, institutuko irakasleak, ia urtero eskatzen dit bere ikasleen aurrean agertzea, Literatura Unibertsala hautatzen duten heroi horiekin Kavafisen poemak irakurri eta Kavafisi buruz hitz egiteko. Hor, sakabanaturik, izan ditut irekita liburu guztiak: Olga Omatosekin batera Andolin Eguzkitza zenak eginiko euskarazko itzulpena (Pamiela, 1995), gaztelaniazko pare bat eta (bai, mitomanoa naiz) portugesezkoa, italierazkoa, frantsesezkoa, ingelesezkoa... Kavafisek gaztetzen nau: hemezortzi urte nuenetik lagun, adiskide, bidaide eta gogaide izan dut.

Arrakalak konpontze lanetan berrikusi dut youtube-n Iannis Smaragdisek 1996an zuzendutako Kavafis filma, grezieraz, ez bainaiz gai izan azpititulurik aurkitzeko, ezta ingelesez ere. Berdin dio, filmean irudia da nagusi, Vangelisen musika eta Kavafisen poemak errezitatzen duen ahotsa. Hainbeste urteren ondoren, ederki ikasita dut Itaka izaki ahoskatzen dutela grezieraz. Izaki.

Liburu berri baten promesarekin bizi naiz orain. Noiz irakurriko dut? Non?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.