Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Gorputzaren askatasuna lortu nahian

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Never Rarely Sometimes Always'



Zuzendaria: Eliza Hittman. Aktoreak: Sidney Flanigan,Talia Ryder, Sharon van Etten, Theodore Pellerin. Herrialdea: AEB. Iraupena: 101 minutu.

Emakumeen gorputzen askatasuna lege askoren bidez neurtua dago. Legeak zorrotzak dira eta, kasu askotan, emakumeok ezin dugu behar duguna egin. Hittmanek 17 urteko gazte baten ikuspegitik muga horiek salatu ditu Never, rarely, sometimes, always filmean. Berlingo Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen, eta Sundancen Epaimahaiaren Sari Berezia. Donostian Perlak sailean harrabotsa sortu du.

Autumnek ez du lagun askorik eskolan, eta lehengusinarekin lan egiten du supermerkatu batean. Etxeko giroa ere ez du bere alde. Gorputzari begiratzen dio, eta haurdun dagoen susmoa du. Hori argitzeko, zentro batera doa, eta halaxe baieztatzen diote. Zentro horretan ematen dioten alternatiba bakarra umea izatea eta adopzioan ematea da. Ustez hamar aste daramatza haurdun eta abortatu nahi du. Legez egiteko, New Yorkera doa lehengusinarekin. Abortuaren aurkako mugimenduak zeharka agertzen dira filmean, baina Autumnen erabakian ez dute eraginik izango.

Autumnen eta Skylar lehengusinaren arteko erlazioa ahizpatasunean datza. Lehengusinak azalpenik eskatu gabe laguntzen dio. Bidaiarako dirua lortzen du, eta ez dio inoiz galdetzen zer gertatu zaion. Autumnen errealitatea medikuen galderen bidez ezagutuko dugu, eta hark lau erantzun izango ditu: «Inoiz, oso gutxitan, batzuetan, beti». Erantzunetan filmeko galdera asko argituko dira, eta beste batzuk sortuko. Oraindik horrelako filmak beharrezkoak ditugu emakumeen gorputzen eskubideak aldarrikatzeko. Eskertzekoa da horrelako pelikulak beti hain kalitate onekoak izatea eta jaialdietan ikusteko aukera izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.