Berdinketa hausteko, Athleticek irabazi beharra du

Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Elkar askatu ezinda aritu dira orain artean Athletic eta Celta. Bi taldeek 26 partida jokatu dituzte Espainiako ligan, gaurdaino, eta lan berberak egin dituzte: 26 puntu eskuratu ditu klub bakoitzak.

Gaur galduz gero, bere horretan segituko dute bi-biek, elkarren kontra ariko baitira. Hori bai, gailentzea izango dute asmoa, aurkari zuzen bat atzean utzi eta gora begira jartzeko. Berdinduko balute, sari txikia jasoko lukete bi taldeek.

Izan ere, Athletic itxura ona eskaintzen ari da azken jardunaldietan. Erreparatzea besterik ez dago joan zen asteazkenean Wanda Metropolitanon egindako jokoari. Liderrari hortzak erakutsi zizkion Marcelino Garcia Toralen taldeak, eta zuri-gorriak nagusi izan ziren zelaian lehendabiziko zatian.

Zelaian barkatu egin zuten, ordea, eta huraxe izan zen bilbotarren lasta. Beste behin, etxetik urrun ariko dira zuri-gorriak. Aurrez aurre izango duen taldea gorabeheratsu ari da. Azken partida irabazi egin zuen, eta galdu gabe iragan ditu azken bost neurketetatik lau. Hori bai, sailkapenaren atzeko zulotik ihes egin ondotik, gorago kosketan dauden taldeei arrimatu ezinik geratu dira galiziarrak.

Ohiko jokalariei deituta

Asteazkeneko partida bazter utzita, gorabide betean zen Athletic, eta aldaketa horri bide eman dioten jokalariei aukerak emanez segitzen du Marcelinok. Celtaren aurkako neurketari erreparatu besterik ez dago horretaz jabetzeko: jokalari gehientsuenak Madrilera bidaiatu zuten berberak dira.

Horren adibide da beste behin Peru Nolaskoain zerrendatik kanpo utzi izana. Baita Ander Capa ere; arazoak ditu eskuin zangoaren atzealdean, eta teknikariak atseden eman dio.

Iñigo Martinez ere ez da ariko. Ondarroako atzelariak zigortuta segitzen du, eta haren hutsunea bete beharko du, beste behin, Athleticeko entrenatzaileak. Lau neurketako zigorra betetzen ari da Martinez.

Marcelinok honela aztertu du partida. «Exijentzia handiko aurkaria da, eta Coudet aulkian dagoenetik, oso sendoa. Jokalari oso abilak ditu zelai erditik aurrera, erraztasun handia dutenak jokaldiak lotzeko. Oso adi aritu beharko dugu defentsako lanean. Berriro ere garaipena lortu nahi dugu ligan. Beste behin esango dut: Kopako finalak urruti daude oraindik».

CELTA-ATHLETIC
Celta. Ivan Villar; Kevin , Araujo, Jeison Murillo, Aaro; Tapia, Denis Suarez, Brais Mendez, Nolito; Iago Aspas, eta Santi Mina.
Athletic. Simon; Lekue, Alvarez, Nuñez,Berchiche; Garcia,Lopez, Vesga, Berenguer.Muniain; García, Iñaki Williams
Epailea. Jaime Latre.
Lekua. San Mames.
Ordua. 14:00 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.