Donostiako 66. Zinemaldia. kritika. Zuzendari Berriak

Korrikalariaren bakardadea

Max Hubacher da filmeko protagonista nagusia. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'Der laüfer' / 'Midnight Runner'

Zuzendaria: Hannes Baumgartner. Herrialdea: Suitza. Iraupena: 92 minutu.

Jonas korrikalaria da. Aurreko urtean garailea izan zen lasterketa berberean parte hartuko du, baina oraingo honetan, bigarren postuan iritsiko da helmugara. Izan ere, aurten ez dauka bere anaiaren laguntzarik, bere buruaz beste egin baitu. Jonas anaiaren oroitzapenean hondoratzen joango da, eta, loak ezin harturik korrika egitera irteten den gauetan, neska gazteei poltsa lapurtzen hasiko da.

Kasu erreal batean oinarritutako kontakizuna dakar Baumgartnerrek, eta, hala ere, filmak badu apur bat sinesgaitza egiten duen zerbait. Jonasen egoera mental eta emozionala okerrera doala ikusten dugu, haren minari aurre egin beharrean ezkutatzen saiatzen den bitartean. Haren jokabide eta erreakzioek ez dute inongo zentzurik, baina Jonasek jasandako traumaren ondoren ulergarriak gerta daitezke.

Forma aldetik film zuzena da Der laüfer /Midnight Runner. Erritmo polita du, eta istorioa haziz doa pixkanaka. Gidoi aldetik, lehen aipaturiko sinesgarritasun arazoa azpimarratu behar da; Jonasen ekintzak anaiaren suizidioarekin justifika daitezke, baina badaude detaile txikiagoak, zenbaitetan esaldi bakarra ere izan daiteke, filmetik urruntzen dutenak ikuslea, fikzio baten aurrean sentiarazten dutenak.

Zuzendaritza aldetik ere, film egokia da. Beharbada, protagonistaren egoera era ausartagoan islatuko luketen plano eta mugimenduak espero litezke. Baina filmaren ahultasunik handiena protagonistarekin enpatizatzeko ezintasuna da. Ez egiten dituen ekintza bortitzengatik, baizik eta ulertzen zaila delako. Sufritzen dagoela antzeman daiteke, baina ez dugu harekin sufritzen; izan ere, ez du ikusleria bere sentimenduen parte egiten. Zuzendariaren apustua da hori, jasan duen min horren ondoren sentimenduak edukitzeari uko egiten dion protagonista erakutsi nahi duelako, baina ikuslearengana iritsi ahal izateko, zerbait gehiago eskaini behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.