Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Bost entrenatzaile

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Xuxentasuna. Goi mailako bost entrenatzaile euskaldunak bildu zituen Maite Artolak herenegun, Faktoria saioan. Kontuan hartuta futbolaren lege aldrebesekin hurrengo astean akaso bost ez baizik eta lau izan daitezkeela, bada, bosten agendak batu izana izan zen meriturik handiena. Futbolaren ekosistemak eskuka darabilen terminoa erabiliz gero, horixe izan zen irratsaioaren «garaipenik» handiena. Horretaz aurrera, mamiari dagokionez zer esan? Korrekzioa izan zela ia ordubeteko solasaldian boskotearen jarrera nagusia. Euskal balioak ordezkatzen omen bostek. Diskrezioa, normaltasuna, umiltasuna, egunez eguneko lan isila… Irratsaioko jokaldirik nabarmenena Artolak amaierako txilibitu hotsa jo ostean heldu zen, bostak isildu eta VAR-a kontsultatu zutenean. Orduan Arantxa Iturbek bere azken sententzia eman zuen, zirikatzailea oso. Alegia, bost atezainen kontrako partida izan zela, eta polemikarako iturri izan zitezkeen baloiak kornerrera bidaltzeagatik nabarmendu zirela denak ere.

Klub eta irratien aurka. Apustu etxeen plagaren aurka manifestazioa egin zuten hainbat hiriburutan joan den igandean, auzorik txiroenetako gizarte elkarteek antolatuta. Egin kontu, soilik Madrilen 378 lokal daude irekita, gazteak batik bat diru joko konpultsibora kondenatzea xede dutenak. Etxe horiek bezainbat salatu zituzten horiek iragartzen dituzten irrati handiak (COPE eta Ser katea) eta futbol klubak. Hain zuzen, bost euskal taldeetatik lau dira iragarleak. Euren entrenatzaileek ba ote iritzirik?

Hispanitatea. REn politikarien arteko debatea daukagularik larunbat goizetan, atzokoan, Hispanitatearen egunean, Nafarroakoak lanean jarri zituzten, baina EAEkoei jai eman zieten eta kazetariekin bete zuten tartea. Esanahi sinboliko politikorik ba ote halako bereizketa egiteak?

Zurekin, zu gabe. Saltsa ederra piztu du Cadena 100 irrati-formulako jendeak. Minbizia jasaten duten emakumeen aldeko kontzertu ongilea antolatu dute urriaren 19rako Madrilen, azken zortzi urteetan egin duten legez. Por ellas (eurengatik) leloa jarri diote ekitaldiari, eta kartela hamabost kantari famaturekin osatu dute. Horietatik, hamalau gizasemeak dira; bakarra emakumea, Alaska. Ulertzekoa da sare sozialetan jasotzen ari diren kritika zaparrada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.