LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna

Aldarrikapena da oraindik

Milaka lagun atera dira kalera Hego Euskal Herriko hiriburuetan, LGTBI kolektiboko pertsonen eskubideak aldarrikatzeko. Ipar Euskal Herrian bihar irtengo dira, Miarritzen
Bilboko kaleak, jendez gainezka.
Bilboko kaleak, jendez gainezka. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ane Zurutuza Irastorza -

2018ko ekainak 29
«Harrotasuna ez dago salgai». Horixe aldarrikatu zuten atzo kalera irten ziren mila lagunek, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Manifestazioak izan ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan; lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideak aldarrikatzeaz gain, haien borroka merkantilizatzea leporatu zieten erakunde publikoei.

Salaketa hori bat dator, hain zuzen ere, Bizkaiko E28 koordinakundeak duela egun gutxi plazaratu zuen manifestuarekin. Dokumentu horretan, LGTBI mugimendua merkantilizatu izana leporatu zieten erakundeei. «Gu ez gara dirua egiteko makinak; gure borroka antikapitalista da». Duela 40 urte egin zuten Bilbon lehen aldiz harrotasunaren eguneko manifestazioa. Aldarri bera egin zuten Iruñean eta Gasteizen: «harrotasunaren alde, kapitalismo arrosaren kontra». Hala ere, gozatzeko deia ere egin zuten: «Praktika sexual hegemonikoak irudimenaz eta sormenaz iraultzen ditugunak gara, sistema heteropatriarkala plazerez leherrarazten dugunak».

Donostiako mobilizazioan, gogora ekarri zuten joan den martxoaren 8aren atarian hiriko gotzain Jose Ignacio Munillak feministen kontra egindako adierazpenak. Gotzainari kontra egiteko, musukada kolektiboa egin zuten manifestazioa Artzain Onaren katedraletik igaro zenean. Era berean, dei berezia izan zen lesbianak ikusgai egiteko.

Ipar Euskal Herrian bihar egingo dituzte LGTBI kolektiboaren aldeko mobilizazioak, larunbatez. Les Bascos lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du Miarritzen (Lapurdi). Manifestazioa 16:00etan abiatuko da Miarritzeko itsasargitik.

Ikusgaitasuna saritu zuten

Atzo banatu zituzten EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak urtero ematen dituzten sariak. Urrezko hirukia Donostiako Dimension publizitate agentziak jaso zuen, LGTBI kolektiboari ikusgaitasuna emateagatik eguneroko lanean. Sari horietan ere agertu zen Munilla; izan ere, Trapuzko Espartina saria jaso zuen Elizak, judikaturarekin batera konpartitzeko.