Katalunia. Prozesu subiranista

Herritarrak, bitarteko eta berme

Generalitatea boluntarioez baliatuko da erreferenduma antolatzeko. Babesa eskaini die denei

CUPeko kideak Guardia Zibilari botopaperak erakusten, Tarragonako Constati herrian, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Generalitateak abiatu du erreferenduma egiteko baliabide material eta pertsonalak mobilizatzeko prozedura, parlamentuak herenegun onartutako legeak zehaztutakoaren bidetik. Referendum.cat webgunea ere jarri du martxan, lan horretan laguntzeko eta zalantzak argitzeko.

HAUTESLEKUAK

2015ean eginiko hauteskunde autonomikoetako hautesleku guztiak erabiltzeko asmoa du Generalitateak. Orduan 2.697 izan ziren; 8.181 mahai. Erreferenduma egin baino hamar egun lehenago jakinaraziko ditu behin betiko zifrak. Ordutegia zehaztu du, haatik: 09:00etatik 20:00etara. Alkateen ardura da hauteslekuak zabaltzea. Generalitatearen gutunak jaso dituzte, jakinarazteko hauteskundeetan erabiltzen diren hauteslekuak utzi beharko dituztela. Bihar arteko epea dute hori berresteko ala ez.

Eskutitzean hautetsiei gogoratu diete erreferenduma arautzeko eta bermatzeko indarrean dagoela herenegun onartutako araubide juridikoa, eta kargu publikoek hori bete behar dutela eta lege horren eta gobernuaren babesa dutela. Espainiako Gobernuak ere igorri dizkie gutunak, ohartarazteko Auzitegi Konstituzionalak «debekatu» egin duela gisa horretako erreferendum bat egitea. Nolanahi den, Generalitateak azaldu du alkateren batek eraikin horiek uzteko eragozpenak jarriz gero, ordezko tokiak bilatuko dituela, «herritar guztien parte-hartzea bermatzeko».

Denera 947 udal daude Katalunian. Haietako 921ek ekainean jakinarazi zuten Generalitatearen eskaerekin bat egingo zutela. Atzo jada 560k adostu zuten zuten dekretu bidez erreferenduma babestea eta hori egiteko bitartekoak jartzea. Bartzelonako alkate Ada Colauk bihar jakinaraziko du bere jarrera, udaleko zerbitzu juridikoei eskatutako txostena aztertu ondoren. Barcelona En Comuko hautetsiak Interneteko sare sozialetan adierazi du udalaren asmoa dela «mobilizazio demokratiko ororen parte hartzea erraztea», erakundeak eta funtzionarioak ez badira arriskuan jartzen. Tarragonako Udalak, aldiz, jakinarazi du ez duela Generalitatearen eskaera beteko: PSCk agintzen du han.

BOTO-EMAILEAK

Kataluniako hauteskunde-erroldan dauden 18 urtetik gorakoek eman ahal izango dute botoa. Azken hauteskunde autonomikoetan 5.5 milioi herritarrek zuten horretarako eskubidea.

Herenegun onartutako legeanzehazten da Generalitatearen Hauteskunde Administrazioaren eskumena dela errolda osatzea, Kataluniako Hauteskunde Sindikaturak gainbegiratuta. Herenegun sortu zuten erakunde hori; akademikoek eta juristek osatzen dute, parlamentuak aukeratuta.

Botoa presentziala izango da, eta beharrezkoa izango da Espainiako Nortasun Agiria, pasaportea edo gidabaimena erakustea. Iraungita egon daitezke, baina originalak eta argazkidunak izan behar dute, Generalitatearen webgunean zehazten denez. Atzerrian bizi direnek aurretik egin beharko dute eskaera; datozen zazpi egunetan jasoko dute informazioa, eta posta bidez bozkatu ahal izango dute.

KOLABORATZAILEAK

Orain arte Katalunian egin diren hauteskunde prozesuekin konparatuta, kolaboratzailearen edo boluntarioaren figura da berrikuntza nagusia. Administrazioko langileen ardurak hartuko dituzte; zubi lanak egingo dituzte hauteskunde mahaien eta Hauteskunde Administrazioaren artean. Kreditatuta egongo dira, eta Generalitatearen «babesa» izango dute kolaboratzaile denek, eta haiek bezala baita erreferendumean «zuzenean zein zeharka» parte hartuko duten pertsona, erakunde eta enpresa orok ere.

Aipatutako webgunean eman behar da izena kolaboratzaile izateko, eta hautaketa prozesu baten bidez lau kategoriatan banatuko dituzte: administrazioaren ordezkariak, udalerrietako hauteskunde koordinatzaileak, eskualde hauteskunde koordinatzaileak eta hauteskunde agenteak.

Mahaietako kideak, berriz, aukeratuko dituzte zozketa bidez, erroldatik. Kargua derrigor bete beharrekoa da, ez da boluntarioa. Parte hartu ezin duenak aukera izango du hori justifikatzeko. Mahai bat osatzeko beharrezkoa da presidentea eta bi bokal egotea. Mahaiko kiderik eta boluntariorik ezingo du atxilotu «inongo autoritaterik», Generalitatearen webguneko galderen atalean zehazten denez.

BOTOPAPERAK

Herenegun onartutako dekretuan azaltzen da urriaren 1erako botopapera. «Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?». Eta bi erantzun: Bai ala ez. Hiru hizkuntzatan dago idatzita dena: katalanez, espainolez eta okzitanieraz. Generalitatearen Hauteskunde Administrazioaren ardura da botopaperak egitea eta banatzea.

Herenegun arratsaldetik Constantiko (Tarragona) inprenta baten atarian dago Guardia Zibila, han botopaperak prestatzen ari direlakoan, eta lantegitik irteten direnak arakatzen ari da. CUPeko kideek elkarretaratzeak egin zituzten han eta Espainiako Gobernuak Bartzelonan eta Tarragonan duen ordezkaritzetan. Poliziako eta Guardia Zibileko agenteei erakutsi zizkieten botopaperak.

KANPAINA

Generalitateak jada plazaratu du erreferendumean parte hartzera deitzen duen bideoa. Aldeko eta kontrakoen kanpaina ofiziala, berriz, erreferenduma egin baino hamabost egun lehenago hasiko da. Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiek erabili ahal izango dituzte kanpaina egiteko bideratutako espazio publikoaren %70, 2015eko bozetan lortu zituzten eserlekuen arabera. Gainontzeko %30a erabili ahalko dute bestelako erakundeek, jasotzen dituzten babes sinadurak kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.