Alberto Negri. Kazetaria eta analista

«Ez NATOk, ez EBk ezin dute onartu Turkia kolapsatzea»

Negriren arabera, elkarrenganako mesfidantzan oinarritzen da Turkiaren eta Mendebaldearen arteko harremana. Baina, tirabira horretan, Erdogan indartuta atera da, bai baitaki AEBek eta EBk bere beharra dutela.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Alberto Negri gerra berriemaile ibili zen Il Sole 24 Ore egunkarian, 1987tik 2017ra, Ekialde Hurbilean, Afrikan, Asia erdialdean eta Balkanetan. Azken 30 urteetako politikako eta gerretako gertakari nagusien berri eman zuen, eta asko daki Turkiaz.

Esan ohi duzu 2016ko estatu kolpe huts egina ez zuela antolatu Recep Tayyip Erdogan presidenteak, bere boterea sendotzeko…

Armadan beste purga bat izango zelakoan jo zuten kolpe hura, eta joera kemalista laikokoek ez zuten babestu: militar gutxi batzuek babestu zuten, eta horregatik ez zen aurrera atera; halaxe kontatu zidan Ahmet Altanek, gerora bizi guztiko kartzelaldira kondenatu zuten idazle eta kazetari batek. Beraz, ez da zuzena autokolpe batez hitz egitea: kolpistek parlamentua bonbardatu zuten;NATOren Istanbulgo baseko komandanteordea zeukaten buru besteak beste, eta minutu gutxi batzuengatik ez zuten harrapatu Erdogan.

Erdoganek AEBei egozten die kolpe saioa, eta okerrera egin du Ankararen eta Washingtonen harremanak, zigorrak jartzeraino…

Europako Batasunak eta AEBek oso berandu erakutsi zioten elkartasuna Erdogani. Turkia ez da fio ez Europaz eta ez NATOz, baina hori lehendik dator, Erdoganek 2002an irabazi baino lehenagotik. Turgut Ozal [presidentea], 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, sarri ibili zen gatazkan AEBekin. Washington ez zen konturatu Gerra Hotza bukaturik eskuak aske geratu zela Turkia, eta bere eragina hedatu nahi zuela turkiar hizkuntzetan mintzo ziren sobietar errepublika izandakoetan eta Ekialde Hurbilean, 70 urte baitzeraman handik kanpo.

1996an eta 1997an itzuli zen Turkia hara eta Balkanetara, [Necmettin] Erbakan lehen ministro zela, odolik gabeko kolpe batek islam politiko modernoaren fundatzailea erorarazi ondoren; hain zuzen, Erbakan hartu baitzuen inspirazio iturri gisa Erdoganek AKP sortzeko. 2003an, Turkiak Iraken kontrako gerraren aurka egin zuen, beldur baitzen zer ondorio ekarriko ote zituen kurduen auzian.

Sirian, hasieran, Erdoganek bultzada eman nahi izan zien [Siriako presidente Baxar] Al-Assadek bultzatutako modernizazioari eta liberalizazioari. Daraako matxinada islamistaren ondoren, 2011n, Siria desegonkortzeko lanean parte hartzen hasi zen, sinetsirik ezen Anaia Musulmanek, garaile atereak zirenez Gazan, Tunisian eta Egipton, lortua izango zutela Al-Assad kanporatzea ere. AEBek toleratu egin zuten mundu osoko milaka jihadista Turkiara sartzea jihadaren autobidetik, baina, gero, [AEBetako presidente Barack] Obamak utzi egin zion Damaskoren kontra zuzenean esku hartzeari, eta Turkiari iruditu zitzaion traizioa zela hori.

Erdogan bere asmo hegemonikoak lantzen ari da jakinda ez NATOk, ez EBk ezin dutela onartu Turkia kolapsatzea. Turkiako zor publikoaren eta pribatuaren %70 Europako bankuen esku dago, eta horrek azaltzen du EBk zergatik ez duen Erdoganen aurka egiten, nahiz xantaia egiten dion errefuxiatuen auzian. Orain arte, Turkiari edozer egiten utzi diote, Rojavako kurduak sarraskitzen besteak beste, 2019ko inbasioaren ondoren.

Agian, Washingtonek ez duelako Turkia Moskuren besoetara bultzatu nahi...

Turkia ez da soilik arazo larri bat AEBentzat: aukera bat ere bada. Ankara Errusiaren aurka ari da hainbat frontetan: Libian, Tripoliren alde agertu zen, eta [Khalifa] Haftar jenerala atxilotu zuen; Sirian, herrialdearen iparraldea okupatuta dauka, Al-Assaden eta haren aliatu errusiarraren aurka; Kaukasoan, Azerbaijanen alde dago, Moskuk babestutako Armeniaren aurka.

Azkenaldian gero eta desadostasun gehiago dauden arren, Bidenek modu errealista batean begiratu beharko dio Turkiari: Erdogan, zeinari «autokrata» deitu zion, baliagarri zaio Errusia arrastoan sartuta edukitzeko, eta hori da administrazio berriaren helburu nagusietako bat.

Erdoganek liberalismoa eta islama uztartu zituen, eta ultranazionalismoa gehitu zion nahasketa horri. Horrek azaltzen du zergatik daukan hain babes zabala eta transbertsala.

Bai, noski. 2000ko hamarkadan, Turkia herrialde eredugarritzat hartu zen Mendebaldean, liberalismoa, demokrazia eta islama bikain uztartu balitu bezala, eta hori baliagarria zitzaien AEBen eta EBren interesei eta ideologiari. Eraldaketa ekonomiko eta sozial handi batzuen ondoren iritsi zen APK boterera.

Justizia eta Garapenaren Alderdiak oinarri herritarra du: enpresari txikiak eta ertainak daude oinarri horretan, eta, gehienbat, Antoliako eskualde osoa, kemalistek hamarkadaz hamarkada baztertu izan dutena. Ozal boterean zela, gizartearen parte hori indar ekonomiko handia eskuratzen hasi zen, eta gero Erbakanen Ongizatearen Alderdia eta Erdogan bilakatu ziren gizartearen parte horren ordezkari politikoa. «Sekular» gisa definitu ditugun Turkiako buruzagi asko sare erlijiosoei lotuta zeuden, eta sare horiek itzalean aritu dira denbora askoan: hala nola Naqxbandi, indar handiko anaiarte bat.

Lehen Mundu Gerran, Otomandar Inperioa suntsituta geratu zen, eta porrot ikaragarri haren erraietatik sortu zen Turkiako errepublika. Potentzia kolonialek inperioa zatikatu izanak nolabaiteko «galera sentipen» bat eragin zuen, baina sentipen hori ez zen islamistengan eta nazionalistengan bakarrik zabaldu, oro har baizik.

Ulertzekoa da Gerra Hotza amaitu eta SESB erori ondoren Turkiak gainditu izana NATOk ezarria zion jokalekua: alegia, Moskuren aurkako gotorleku gisa soilik aritzea. Turkia oso herrialde zaila da maneiatzen; izan ere, Erdoganek bere egin zituen bulkadak Turkiako gizartearen hainbat arlotan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.