EAJ prest dago denekin hitz egin eta bere botoak negoziatzeko

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako hauteskunde emaitzak argituta, presidentea izendatzeko negoziazioak abiatzeko garaia dute hautagaia aurkezteko asmoa duten alderdiek. EAJ prest agertu da elkarrizketa horietan «mundu guztiarekin» hitz egiteko, eta Espainiako Kongresuan izango dituen bost ordezkarien botoak «mahai gainean» jartzeko borondatea ere agertu du. Hala adierazi du Pedro Azpiazu Bizkaitik hautatutako diputatuak.

Alderdi jeltzalearen zuzendaritzak asteroko ohiko bilera egin zuen atzo, Sabin Etxean (Bilbo), hauteskunde emaitzen inguruko gogoeta egin eta Madrilen izango duen ordezkaritzak zein jarrera hartuko duen zehazteko. Azpiazuren hitzetan, EAJren botoak «gobernabiderako baliagarriak» badira, «balioan» jarriko dituzte. «Gure agenda jarriko dugu mahai gainean, eta saiatuko gara, marra gorririk gabe, Euskadiko herritarren interesen onuran ahal dugun neurrian aurrera egiten».

Hauteskundeak Alderdi Popularrak irabazi dituela eta, hari dagokio lehen urratsa egitea, Azpiazuren iritziz. «Zenbat eta lasterren egin, orduan eta hobe denontzat».

PPrekin, «oso zaila»

EAJk, ordea, «oso-oso zaila» ikusten du PPrekin akordioak lortzea, EFE agentziak jeltzaleen iturriak aipatuta ziurtatu duenez. Horretarako, «180 gradu biratu» beharko luke PPk.

Akordioa lortzeko saiakera PPri dagokiola iritzi arren, akordioetarako aukera neurri handi batean PSOEk hartzen duen erabakiaren araberakoa izango dela adierazi du Aitor Esteban EAJko diputatu hautatuak —atzo, Sanchezek berretsi zuen PSOEk ez duela akordiorik egingo PPrekin—. «Ezkerreko blokea lehen baino ahulduagoa dago kopurutan, baina [akordioetarako] aukera bat dute abertzaleekin», Katalunia eta Euskal Herriaren inguruko«proposamen zentzudun bat» egiten badute. Estebanek azaldu du EAJk lehenik itxaron egingo duela ikusi arte zein jarrera hartzen duten Espainiako Estatuko lau alderdi nagusiek akordioak egiteko, eta, ondoren, indar bakoitzak agertzen duen prestasunaren arabera, jeltzaleek zein jarrera hartu aztertuko dutela.

EAJ gustura dago hauteskundeetan lortu dituen emaitzekin, Estebanek argitu duenez. Hauteskunde «oso zailak» izan direla dio, eta lorpena dela Kongresuan talde propioari eutsi izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.