Frankismoa. Emakumeen lekua

Elkartasun izpiak, zulo beltzean

1934tik 1945era, ehunka sozialista, abertzale eta errepublikazale sartu zituzten preso Ezkaban. Horiei laguntzeko, elkartasun sareak osatu zituzten dozenaka emakumek. Askok garesti ordaindu zuten.
Alfonso XII.a gotorlekuko ate nagusia, Ezkaba mendi gainean.
Alfonso XII.a gotorlekuko ate nagusia, Ezkaba mendi gainean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko martxoak 25
Carmen Fleta Recio, Juana Astondoa Gilzu, Petra Irigoien Bidaurreta, Josefina Gerendiain Caro, Basilisa Blazquez Tabernero, Julia Etxarte Asin, Gregoria Medrano Balda, Zulema Rios Telletxea, Socorro Aranguren Esparza, Gurutze Ziga... Emakume horien izenak ez dira oroitarrietan azaltzen, ez dago haien izena daraman karrikarik, eta, urteetan, ia ezinezkoa izan da andre horien inguruko informazioa artxibategi ofizialetan topatzea. Klandestinitatean egin zuten lan 1934tik 1945era, askotan identitate faltsuak erabilita, Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuan preso zirenei sostengua emateko. Askok garesti ordaindu zuten laguntza sare horietan parte hartu izana.

Francok, Molak eta Sanjurjok diseinatutako estatu kolpearen aurretik ere, Iruñea —beste hiriburu asko bezala— kartzela erraldoi bihurtua zen: San Roke karrikako kartzelan gizonak eta emakumeak sartzen zituzten preso, baina, horrez gainera, hainbat erakundek beste azpiegitura batzuk ere erabiltzen zituzten, «giltzapetze zentro ez-ofizial» gisa; horien artean zeuden Eskolapioen eskolako kartzela —karlisten esku— eta Aita Salestarren kartzela —Falangearena—. Testuinguru horretan, Ezkaba gaineko San Kristobal gotorlekua ere —eraikinak Alfontso XII.a du benetako izena— kartzela gisa erabiltzen hasi zen Espainiako armada. Ehunka abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikazale espetxeratu zituzten.

Presoen baldintzak ezin txarragoak ziren: gosetuta, hezetasuna eta hotza hezurretaraino sartuta eta zimitzek janda bizi ziren han kartzelatuak. Dozenaka preso hil egin ziren tuberkulosiak eta bestelako gaixotasunek jota.

Egoeraren larritasuna baretu nahian, sostengu taldeak antolatzen eta Ezkabara igotzen hasi ziren hainbat emakume. Preso zirenei laguntza emateko joaten ziren hara, askotan aurretik ezagutu gabe ere. Zozketa bidez aukeratzen zuten nor igoko zen gotorlekura, eta zer eraman behar zuen. Horretarako, izen-deitura faltsuak erabiltzen zituzten, senideen bisitak bakarrik baitzeuden baimenduak.

Janaria eta arropa ematen zieten, baina laguntza ez zen horretara mugatu: bilera politikoak antolatzen zituzten, eta babesa eskaintzen zieten jazarpen politikoa pairatutako iheslariei. Fernanda Romeu Alfaro historialariak El silencio roto: mujeres contra el franquismo (Isiltasun hautsia: emakumeak frankismoaren aurka) liburuan azaldu zuenez, «garrantzi itzela» izan zuen emakumeen rolak 1936tik aurrera: «Hilerri eta kartzeletako ateetan egiten zituzten bileretan aurkitzen dugu emakumeen borroka klandestinoaren jatorria. [...] 'Preso baten emazte' izatea, urte horietan, nolabaiteko estatus politiko bihurtu zen. Iheslariak gerizatu, argitalpen klandestinoak gorde eta banatu, eta beren etxeetan bilera politikoak hartu zituzten».

Gorriak eta abertzaleak

Sareak ehotzen liburuan, Amaia Kowasch ikerlari iruindarrak bi alditan sailkatzen ditu Ezkabako laguntza sare horiek: lehena, 1934tik 1936ra; eta bigarrena, 1936tik 1945era. Lehen fasean, presoei laguntza ematera igotzen zirenak elkarte sozialista, komunista eta anarkistetako kideak ziren, 1934ko urriko iraultzan atxilotutakoak baitziren presoetako asko. Nazioarteko Laguntza Gorria erakunde komunistaren barruan hasi ziren emakumeak antolatzen. Tabakoa, tapakiak eta janaria eramaten zieten presoei.

Faxistek estatu kolpea eman eta gerra irabaztearekin batera, ordea, laguntza sare hori desegiten hasi zen, atxilo eraman baitzituzten Ezkabara igotzen ziren andreetako asko. Beste askorentzat, berriz, erbestea izan zen aukera bakarra.

Ordurako, gainera, laguntza ez zen beroki azpian gordetako kontserba poto eta etxean jositako galtzerdietara mugatzen; azpiegitura konplexua osatua zuten, adibidez, iheslariei muga zeharkatzen laguntzeko. Ezkabako ihesaldian ere (1938), emakumeek parte hartze aktiboa izan zutela uste zuten militarrek. Sostengu hori errotik erauzten saiatu zen frankismo piztu berria.

1936tik aurrera, EAB Emakume Abertzale Batza nabarmendu zen, beste taldeen gainetik. Euskal batailoietako gudariei ematen zieten laguntza, eta Iruñeko lehen ikastolaren sorreran ere parte hartu zuten. 1938ko apirilean, elkarteko kide batzuk atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituzten, Iruñeko Katatxu tabernan eginiko sarekadan. Gotorlekura igotzea eta presoei laguntza ematea leporatu zieten, besteak beste, Felisa Redini eta Carmen Perez Martureti. 1945era arte, ordea, bere lanari eutsi zion elkarteak, eta elkartasunaren sugarra bizirik mantendu zuen, frankismoaren urterik latzenetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna