Albistea entzun

Espainiako erregearen abdikazioa. Oinordekoa. Felipe Borboikoa

46 urte aginte koroa noiz jantziko zain

Asturiasko printze titulua eskuratu zuen Francoren diktaduraren ostean, eta, erregetza eskuratzen duenean, Felipe VI.a errege izena izango du.

Edurne Begiristain -

2014ko ekainak 3

Felipe Borboikoa eta Greziakoa (Madril, 1968) Juan Carlos I.aren eta Sofia Greziakoaren seme bakarra da. 1977az geroztik Juan Carlos I.aren oinordekoa, Espainiako hurrengo erregea izango da. 1968an Felipe Juan Pablo Alonso de Todos los Santos de Borbon y Grecia izenarekin bataiatu zutenetik, koroa noiz jantziko zain egon da. 46 urteren ostean iritsi zaio garaia: erregetza eskuratzen duenean, Felipe VI.a errege izena izango du.

2004tik Letizia Ortiz Rocasolanorekin ezkonduta dago, eta bi alaba dituzte. Hainbat tituluren jabe da, baina horietatik ezagunena, Asturiasko printzearena. Bigarren Errepublikak eta Francoren diktadurak ezarritako etenaldia igarota, titulu hori eskuratu zuen Felipek. Baina, horrez gain, baditu beste batzuk, hain ezagunak ez direnak: Gironako printzea ere bada, eta baita Vianakoa ere. Horiek gutxi balira ere, Montblanc-eko dukea, Cerverako kondea eta Balaguerreko jauna izendapenak ere baditu.

Diotenez, Espainiako historian «heziketa hoberena» jaso duen erregea izango da. Diziplina zorrotza, behintzat, izan du txiki-txikitatik. Heziketa militarra jaso zuen Felipe Borboikoak, Zaragozako akademia militarrean, eta, besteak beste, lur eta aireko armadetako teniente koronela eta armadako fragata kapitaina da. Heziketa militarra jaso ostean, Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Nazioarteko Harremanetako masterra gero, Georgetown unibertsitatean (Ameriketako Estatu Batuetan). 1995ean amaitu zituen ikasketak, eta Espainiara itzuli zen.

1986an, adinez nagusi egin zenean, Espainiako Konstituzioaren zina egin zuen Felipe Gonzalez gobernuburuaren eta estatuko erakunde guztietako ordezkarien aurrean. Orduz geroztik, errege familiaren ordezkari gisa jardun du hainbat ekitaldi ofizialetan, eta Espainiako ordezkaria da Hego eta Erdialdeko Ameriketako estatuburuen kargu hartze ekitaldian. 1981ean eman zuen bere lehen diskurtso ofiziala Espainiako errege familiako ordezkari gisa, Oviedon, Asturiasko sarien banaketa ekitaldian. Izan ere, 1993tik aurrera eta etenik gabe, Felipe Borboikoak Asturiasko Printzea sariak banatu ditu.

Euskal Herrian, bihar

Asturiaskoak bakarrik ez, Vianako Printzea sariak ere banatzen ditu Felipe Borboikoak. Horregatik, urtero etortzen da Euskal Herrira, behin gutxienez. Eta, bisitan etortzen den bakoitzean, euskal herritar askok, protesten bitartez, gogoratzen diote Espainiako errege etxea ez dela Euskal Herrian ongietorria. Eta ataka zailean ere utzi izan dute. Duela hiru urte hala gertatu zen. Felipe eta Letizia Borboikoak Iruñeko Baluarte jauregian izan ziren Vianako sariak banatzen, eta, kanpoaldean jendea agurtzen ari zirela, gazte bat hurbildu zitzaien: «Monarkia ala errepublikari buruzko erreferendumera deitzeko zintzotasunik izango al duzu errege zarenean?», itaundu zion Laura Perez Ruabo gazteak Borboikoari. Hark erantzun zion ezin zuela erreferendumera deitu; abdikatuko ote lukeen galdetu, eta «sisteman sinesten» duela eta mekanismo demokratikoekin «dena posible» dela erantzun zion. Ruanok hori bideraezina dela esan, eta Borboikoak, gero eta deserosoago, saihestu eta desbideratu egin nahi izan zuen eztabaida: «Loriarako unea lortu duzu». Ika-mika hark oihartzun handia izan zuen, eta astebetean 511.000 bisita jaso zituen bideoak Youtuben.

Markak hautsiko zituen, seguru, 2013ko otsailaren 22an Donostian izan zela euskaraz hitz egiten saiatu zeneko bideoak ere. «Jardunaldi hauetarako bihotzez bere desiorik onenan opa dizuet (sic)». Euskarazko hitz horiek nekez irakurri zituen Borboikoak Universidad de Navarrak egindako enplegu jardunaldietan.

Aurtengo martxoan izan zen azkenekoz Euskal Herrian, Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen omenez izandako hileta elizkizunetan. Bihar berriro etorriko da gurera bisita ofizialean: Nafarroan izango da, Leireko monasterioan, Vianako Printzea saria Jesus Morras historialariari emateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.