Laura Gomez.
Indarkeria matxista. IRITZIA

'Manada'-ren kartzelaldi prebentiboaren alde

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Entzun ditut esparru juridikoko buru feminista onenetako batzuk esaten kartzela prebentiboa salbuespeneko neurria dela, ezin dela aurreratutako zigorra izan, eta ez dela legezkoa alarma sozialari jarraituz ezartzea. Espainiako Estatuan gehiegi aplikatzen dela, eta horrek sortzen duen giroak hegoa ematen diola zigorraren populismoari, eta zigorrak eta kautelazko neurriak gogortzeko exijentzia automatikoari. Alegia, puztu egiten duela zigorra aplikatzeko errebantxa imajinarioa. Eta, ziur, badago horrelako zerbait Nafarroako Auzitegiaren autoaren aurka txioka egindako lehen erreakzioetan; horregatik, komeni da bistatik ez galtzea joko eremua, justizia erradikalki feminista eta demokratikoa exijitzea. Kontua litzateke emakumeen gorputz zauritutik eguna joan eta eguna etorri sortzen den amorrua ez izatea hainbestek dugun injustizia intuizioa bideratuko duen bakarra; injustizia intuizioa, biktima auzipetu dutelako, sententziaren aurretik eta ondoren, eta orain bederatzi urteko zigorra dutenen behin-behineko kartzelaldiaren erabakiagatik. Ez dezala uxa «sentipentsatzeko» aukera, Galeanok esango lukeen bezala.

Aztergai dugun zigorrak erakutsi zuen Espainiako Justiziari oraindik ez zaiola eman Matrix pelikulako pastilla gorria, min ematen duen egiari heltzera eta frogatutako egitateak sexu eraso gisa jotzera behartuko duen pastilla gorria. Eta, berriro ere, badirudi ez ikusi egin diela gutxienez hiru elementuri, zeinak, a priori, batzuei zantzu argiak iruditzen zaizkigun delitua berriro egiteari eta biktima babesteko exijentziari dagokienez. Lehena: nahiz eta zigorra alda daitekeen Nafarroako Auzitegi Nagusiak berrikustean, frogatutako egitateak frogatuta daude, nabarmena da larriak direla, eta ez dute urratzen akusatuen errugabetasun ustekizuna. Bigarrena: Antonio Manuel Guerrero guardia zibilak —biktimari telefonoa eta SIM txartela kentzearen erantzuleak— maiatzean gutun bat kaleratu zuen, eta erakutsi du enpatia falta izugarria duela, eta, gainera, badirudi ez dela konturatu bere lagun higuingarriekin emakumea bortxatu egin zuela. Horrekin aski ez, eta ausartu da eskerrak ematera Foro Coches eta Burbuja webgune misoginoei; biktima laidoztatu egin zuten webgune horietan, haren datu pertsonalak zabaldu zituzten, eta salatuak daude larderiagatik eta mehatxu publikoagatik. Eta azkenik: bidezkoa dirudi gogoratzeak horietako lauk beste kausa bat irekia dutela beste sexu eraso batengatik.

Emakumeen aurkako indarkeria matxista trabarik gabean, non ohikoa den emakumeak kriminalizatzea eta haien ahotsa auzitan jartzea, testuinguru horretan arrazoi sendoak daude dudan jartzeko autoan kontuan hartu dituztela emakumeen sexu askatasunaren aurkako delituaren izaera, hori gertatu den eremuan, eta aztergai den kasuaren elementu espezifikoak.

Horregatik, asaldatzekoa da autoak ematen digun mezua. Zigorgabetasunezko mezua beste erasotzaile potentzial askorentzat. Erasotzaileak salatzera ausartzen den emakumea kalbariora zigortzen duen mezua. Eta intentziozko mezua, beste prozedura batzuekin alderatuta, Altsasukoarekin adibidez; beste behin, agerian geratu da justizia ez dela berbera denontzat.

Bost zigortuentzat kartzelaldi prebentiboa eskatzeak ez die heldu nahi zigorrean oinarritutako justizia errepresioaren ahalegin erraz eta baltsamikoei. Kartzelaldi prebentiboa exijitzearen oinarria da obligazio publikoa dagoela emakume hori babesteko—bizirik iraun du, kriminalizatu egin dute sozialki eta juridikoki, eta heroi bihurtzera behartu dute—, kaltea konpontzeko eta delitua berriro gertatuko ez dela bermatzeko. Beragatik eta emakume guztiongatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.