Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketak, Euskal Herrian

Bilbo hautatu dute aurtengo topaketen hiriburu. 40 herrialdetako 130 emakumek baino gehiagok parte hartuko dute, urriaren 22tik 28ra

Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko Topaketaren aurkezpena, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bilbon egingo dituzte Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko Topaketak aurten. Euskal Herriko Mundu Martxaren batzar irekiak jakinarazi zuen atzo, Bizkaiko hiriburuan bertan eginiko agerraldian. Urriaren 22tik 28ra bitartean egingo dituzte nazioarteko topaketak, eta, antolatzaileen esanetan, 40 herrialdetako 130 emakumek baino gehiagok parte hartuko dute, «herrialdeetako ordezkariak batzuk, eta antolakunde aliatuak besteak».

Topaketak Euskal Herrian egiteko bi arrazoi nagusi nabarmendu dituzte Euskal Herriko Mundu Martxako kideek: batetik, «bertoko mugimendu feministaren indarra», eta, bestetik, Mundu Martxak Euskal Herrian duen «izaera herritarra eta aliantzak sortzeko gaitasuna». Bi motibo nagusi horiez gain, segurtasuna ere aintzat hartu dute antolatzaileek: «Munduko hainbat txokotatik datozen askotariko emakumeentzat leku seguruagoa da Euskal Herria; jakin badakigulako zenbait herritan nolako jazarpena pairatzen duten bizitzaren defendatzaileek, lesbianek, emakume borrokalariek... Hemen, baditugu espazio seguruak sortzeko baldintzak».

Feministon Herria

Urriaren 22an egingo dute topaketen irekiera ekitaldi nagusia; eta horren ostean, nazioarteko ordezkariak Bizkaia Aretoan batzartuko dira, alde batetik, egungo testuinguru orokorrari buruz hausnartzeko, eta, bestetik, 2020an egin asmo duten V. Nazioarteko Ekintza prestatzen hasteko.

Nazioarteko hitzordua baliaturik, ordea, beste festa bat ere egingo dute: Feministon Herria, «alternatiba eta erresistentzia feministak erakusteko lekua». Euskal Herriko eragile eta talde feministak gonbidatu dituzte bertara: «Espazio ireki bat sortzea da asmoa; Emakumeon Mundu Martxaren plataforma osatzen dugun sentsibilitate eta gorputz anitz ikusarazteko espazioa».

Urriko topaketen aurretik, gainera, formakuntza jardunaldi irekia ere antolatu dute Iruñean. Irailaren 28an eta 29an izango da, eta, bertan, «sistema arteko indarkeriaren eta lurralde eta gorputzen burujabetza» izango dute hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.