Turkiako Poliziak giza eskubideen aldeko hamabi aktibista atxilotu ditu

Atxilotuen artean Idil Eser Turkiako AIko zuzendaria dago. EBk ultimatuma eman dio Turkiari, konstituzioaren erreforma aldatzeko

Idil Eser Turkiako AI erakundeko ordezkaria. AMNESTY INTERNATIONAL.
2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Turkiako Poliziak giza eskubideen aldeko hamabi aktibista atxilotu zituen asteazken gauean, Istanbulen. Atxilotuen artean, Idil Eser Turkiako AI Amnesty Internationaleko zuzendaria dago. Poliziak hiriko hotel batean ohiko trebakuntza lantegi batean zeuden bitartean atxilotu zituen. Ez dute jakinarazi zein lekutan dauden.

Amnesty Internationalen atari digitalean, erakundearen idazkari nagusi Salil Shettyk bere ondoeza adierazi du:«Zinez haserre eta suminduta gaude Turkian giza eskubideen alde egiten duten aktibista nagusiak arrazoirik gabe atxilotuak izan direlako».Operazioa bera ere salatu du«boterearen abusu itzela» izan dela zehaztuz, eta agerian jarrizTurkian giza eskubideen defentsan dabiltzanek pairatzen duten «egoera larria». Atxilotuak berehala aske uzteko ere eskatu du. Aldi berean, Hanburgon gaur hastekoa den G20koen bileran parte hartuko duten ordezkariei zuzendu zaie, eta egotzi die Turkiako giza eskubideen kirisiaren inguruan «nabarmenki toleranteak» izatea. Recep Tayyip Erdogan presidentea bileran izango denez, bere ustez, egokia izango litzateke «irmotasunez esatea kartzelan dauden giza eskubideen aldeko ekintzaile guztiak askatzeko».

Ilknur Ustun, Gunal Kursun, Nalam Erkem, Nejat Tastan, Ozlem Dalkiran, Seyhmuz Ozbekli eta Veli Acu dira AIko beste kide atxilotuak. Haiekin kartzelatu dituzte baita atzerriko bi instruktore ere, Alemaniakoa bata eta Suitzakoa bestea, eta hoteleko zuzendaria. Amnesty Internationalek adierazi duenez, atxilotuei abokatua edukitzea eta familiako norbaitekin kontaktuan jartzea galarazi diete.

Ekainaren 6an Taner Kilic Turkiako AIko presidentea atxilotu zuten, «talde terrorista» bateko kide izatea leporatuta. Joan den urteko estatu kolpe ahaleginaren porrotaz geroztik, 50.000 pertsona baino gehiago atxilotu ditu Poliziak. Saiakera horren ondorioz, apirilaren 16an,erreferendum bidez, Turkiak konstituzioaren erreforma onartu zuen, eta horri esker sistema presidentzialistaezarri zuten, estatu buruari botere betearazlea emanez; botere judizialean ere eragin handia dauka estatuburuak.

Tentsioa EBrekin

Europako Parlamentuak erabaki du Turkiarekin elkarrizketak etetea «erreforma konstituzionala aldaketarik gabe» ezartzen bada.Turkiako Gobernuak erabaki hori kritikatu du, eta ziurtatu erreforma bere osotasunean aplikatuko dela. «Ez dugu informea onartzen, etorri den bezala itzuliko dugu», adierazi du Europako Gaietako ministro Omer Celikek. Bestalde, gaineratu du bere herrialdea oraindik elkarrizketarako prest dagoela, eta uztailaren 25ean Mevlut Cavusoglu Atzerri ministroa Bruselara joango delaelkarrizketak «hobetzera».

Apirilean hasi ziren Turkia eta Europako Batasuneko Atzerri ministroen arteko elkarrizketak, batasuneko kide izateko aukeraz hitz egiteko. Hasieratik egon dira,ordea, kontra egin diotenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.