Gipuzkoako hotelen grebak turismoari kalte egingo diola uste du Jaurlaritzak

Sindikatuei eta patronalei negoziatzeko eskatu die Retortillo Turismo sailburuak, lanuzteak «Euskadiren irudi txarra» emango lukeelako

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariak grebara deitzen, herenegun, Donostian. JON URBE / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Gipuzkoako hoteletako lan gatazkarekin kezkatuta azaldu da Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburua. Langileek salatutako lan baldintzekin baino, langileek deitutako grebak «Euskadi osoaren irudiari» egin diezaiokeen kaltearekin adierazi du kezka. Aldi berean, Retortillok eskatu du lan baldintza «onargarriak» izatea sektorean.

Gipuzkoako hoteletako langileak grebara deitu eta biharamonean, sektoreko eragileekin bildu zen atzo Retortillo. Batetik, greba antolatu duten lau sindikatuekin elkartu zen (ELA, CCOO, LAB eta UGT), eta, bestetik, Aspagi-Adegi eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea patronalekin. Bileren ondoren eskainitako prentsaurrekoan, Turismo sailburuak ziurtatu zuen bi aldeen jarrerak ez daudela «hain urrun», eta posible dela lan hitzarmena adostea. «Ziur nago ahalegin pixka batekin akordiora irits daitezkeela». Hurrengo bilerak datorren astean izatea espero du sailburuak. Sindikatuek erantzun dute prest daudela horretarako, baina oraindik ez dagoela egunik negoziazioei berriro ekiteko.

Grebarako eskubidea defendatzen duela esan zuen Retortillok, baina protesta egiteko modu hori aukeratu izanarekin batere gustura ez zegoela ere argi utzi zuen. Izan ere, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk maiatzaren 23an, 24ean eta 25ean deitu dituzte grebara Gipuzkoako hoteletako 1.600 langileak. Datak ez dituzte besterik gabe aukeratu: egun horietan biltzar bat egingo du Donostian UNTWO Munduko Turismo Erakundeak. Hoteletako jabeei ez ezik, Retortillori ere min egin dio greba egun horretan egin nahi izatea, «Donostiaren eta Euskadi osoaren irudi txarra» emango lukeelako, eta nazioarteko ekitaldiak berriro antolatu ahal izateko «oso ondorio kaltegarriak» izango lituzkeelako. Gogorarazi duenez, «negoziazio arrakastatsu» baten ondorio izan zen UNTWOren biltzarra Gipuzkoako hiriburuan egitea.

Negoziazio kolektiboaren alde mintzatu zen Retortillo, bainasailburu gisa «sektorearen ospearentzat mehatxua izan daitekeen guztitik» turismoa babestuko duela gaineratu zuen.

Lanak kanpora ateratzen

Lan baldintza «onargarriak eta langile guztientzat berdinak» izatea ere babestu zuen Turismo sailburuak. Hori ez da gaur egun gertatzen, sindikatuen iritziz. Herenegun salatu zutenez, gero eta hotel gehiago ari dira lan batzuk zerbitzu enpresen esku uzten. Harrera izan ezik beste zerbitzu guztiak ere kanpora atera dituzten hiru hotel aipatu zituzten, eta gainontzekoetan ere joera handitzen ari dela.

Arazoa da langile horietako gehienei —250-300 dira orain— oso soldata txikiak ordaintzen dizkietela, sektoreko hitzarmenak gutxienekotzat jotzen duenaren erdia, kasu batzuetan. Horregatik, zerbitzuak kanpora ez ateratzeko eskatu zuten, baina, hala eginez gero, lan horietan aritzen diren langileei lurraldeko hoteletako hitzarmena ezartzeko. «Eskaerak oso logikoak dira, eta horrela ulertu du Retortillok berak», esan zion Ekaitz Telleria LABeko ordezkariak Efe agentziari.

Grebaren bigarren arrazoia soldatei buruzkoa da. 2014tik erosteko ahalmena galdu dutela-eta, KPI gehi %1,5eko soldata igoerak eskatu dituzte 2017, 2018 eta 2019. urteetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.