Nafarroako Parlamentuak hasi du bidea Espainiak kalamu klubak arau ditzan

Lege proposamen bat bidali du Kongresura, kontsumitzaileen jarduera legeztatzeko. Mahaiak erabaki beharko du orain aintzat hartu ala ez

Nafarroako kalamu klub bateko irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Kalamu klubei eta kontsumitzaileei «segurtasun juridikoa» emateko helburua du Nafarroako Parlamentuaren azken ekinbide legegileak. Gai horren inguruan «arau esparru argirik» ez dagoela-eta, lege bat onartu du. Berriro. 2014an onartu zuen lehena, herri ekinbide legegile baten fruitu. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu zuen iazko azaroan, drogen kontsumoari buruz arautzeko eskumena Espainiarena zelako. Bada, Nafarroako Parlamentuak Kongresura jo du orain. Atzo gaiari buruzko lege proposamen bat onartu zuen, eta Espainiako ganbera legegilera bidali, «hainbat pertsonak eta entitatek desiratzen duten segurtasun fisikoa eta juridikoa» izan dezaten.

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, PSNk eta Ezkerrak bozkatu dute lege proposamenaren alde; UPNk eta PPk, berriz, kontra. Edonola ere, alderdi gehienetako eledunek itxaropena agertu dute proposamenak Espainiako Kongresuan aurrera egingo duela. Izan ere, Nafarroako Parlamentuan alde bozkatu dutenek Madrilen ere hala eginez gero, legeak aurrera egin dezake. Are, Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan hainbat alderdik kalamu klubak arautzearen alde egin zuten, PSOEk eta Podemosek, besteak beste; PDeCat eta Ciudadanos ere gaiari heltzearen alde agertu dira.

Mahaiaren erabakiaren zain

Nafarroako Parlamentuak lege proposamena onartu ondoren, Kongresuko mahaiak erabaki beharko du ekinbide legegilea aintzat hartuko duen ala ez. Aintzat hartuko balu, Nafarroako hiru parlamentarik defendatuko lukete legea osoko bilkuran. Horren ostean diputatuek bozkatuko lukete, eta, gehiengoa alde egonez gero, Kongresua tramitazioarekin hasiko litzateke: agerraldiak eskatu, jatorrizko testua aldatu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.