DORRE HANDI, ETEKIN TXIKI

Weihai hirian, amaitu gabeko etxeek eta eroslerik gabekoek erakusten dute eraikuntzaren burbuila lehertu dela Txinan. Eztandaren eta bere negozio eredu arriskutsuegiaren ondorioz, Evergrande erraldoia zorretan itotzear dago.

Evergrandek eraikitako auzune bat, Pekinen. ROMAN PILIPEY / EFE.
Olatz Urkia
Weihai
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Atzerako kontuaren erlojua martxan jarri du Evergrandek. Zailtasun ekonomiko larriak ditu Txinako higiezin konpainia handienetan bigarrenak, eta bere zorrak pagatzeari utzi dio. Irailaren 23an ez zuen bete 72 milioi euroren interesak itzultzeko epea; asteazken honetan, berriz, 40,9 milioi dolarren interesak pagatzeari utzi zion. Berez, zor horien zati bat ordaindu ahal izan du, banku batean eta beste enpresa batean zituen zatiak saldu ostean. Baina konpromisoak ez dituenez guztiz bete, hilabete bateko graziazko epe bat hasi da; hori bukatutakoan ez badu zor duena ordaintzen, ofizialki porrot eginda egongo da, eta neurtzeko zailak diren ondorioak eragingo ditu. Haren atzetik eroriko al dira eraikitzaile gehiago? Evergranderi maileguak eman dizkieten bankuetara igaroko al da porrota? Salbatuko du Txinako Gobernuak?

Zaila da oraindik galdera horiei erantzutea, baina bi gauza nahiko argi daude. Bata da Evergranderen zorra erosi zuten inbertitzaile handi gehienek dirutza galduko dutela, baina izango direla irabazle gutxi batzuk, azken asteetan funts marrazoak zor hori merke-merke erosten aritu baitira, erreskate baten esperantzarekin.

Garbi dagoen beste kontu bat da Evergranderi etxebizitza bat erosi zioten askok aurrezkiak galduko dituztela, edo, zortea baldin badute, urteak beharko dituztela pisu berriaren giltzak eskuetan izan arte. Eta ez dira gutxi: Txina osoan 1,4 milioi etxebizitza dauzka salduta baina eraiki gabe.

Weihai, mamu hiria

Higiezin konpainia handiek saldu ezin dituzten bizitegi mordo bat Weihai hirian daude. Shandong probintziako kostaldean dago Weihai, Pekindik 800 kilometrora, eta 2,8 milioi biztanle ditu. Tren geltokira iritsi eta segituan, hiriak sentsazio arraro bat ematen du; auzo batzuek mamu hiri baten itxura dute; edonon, etxe altu asko daude, baina argirik gabe; dendarik ez, etxeak eta etxeak edonon, eta kaleak ia hutsik.

Itsasertzean. Txinaren iparraldeko karta jokoetan ari diren adineko hiru gizonek esplikatu dute saldu ezin diren eta guztiz amaitu ere ez dituzten eraikinez bete dela hiria. Gazteago ziren garaian gauzak ez omen ziren horrela egiten: «Ez da inoiz erosi behar eraiki gabe dagoen etxe bat».

Weihai higiezinen sektorearen krisiaren beste adibide bat da. Ez bakarrik Evergrande, beste enpresa asko ere antzeko egoeran daude. Horietako batean ari da orain lanean Yang Yu ingeniaria, Yurun izeneko batean. Argi eta garbi esan du haiek ere etxebizitzak saldu ezin dabiltzala.

Enpresak bezeroekin barbakoa festak egiteko erabiltzen duen terrazatik erakutsi ditu saldu gabe dauzkaten txaletak. 100 metro koadro inguru dituzte, eta itsasoa ikusten da leihotik. Etxea ez dago batere gaizki, baina 800.000 euroko prezioak gehiegizkoa dirudi hain ospetsua ez den hiri baterako. Bezerogaiak ere uste berekoak dira, ez baitute ia bakar bat ere erosi. Alboan, itxura barrokoa duen eraikin bat dago, amaitu gabe; hotela izan behar zuen, baina beste enpresa bati saldu behar izan diote azkenean.

Yurunen hasi aurretik, duela urtebete, Yang Evergranderen bi proiekturen zuzendaria izan zen Weihain bertan. Haren gidaritzapean eraiki ziren urbanizazioetara eraman du kazetaria. 30 solairu baino gehiagoko eraikin multzoa da. Ia hutsik daude. Batzuk amaituta daude, baina ez dirudi kristalen atzean jende asko bizi denik, eta amaitu gabe dauden zementu dorreak dauzkate alboan.

Eredu arriskutsua

Obrako materialak abandonatuta, langile gutxi batzuk inguruan daude eserita, egonean. Batek azaldu du ez dutela lan gehiago egingo Evergrandek ez dielako ordaintzen. Eta ez die ordainduko, enpresak argi eta garbi esan baitu ez dela gai hornitzaileei eta langileei pagatzeko. Likideziarik gabe dago konpainia, bere negozio eredua arrisku handikoa zelako, eta ez delako gai izan diru fluxuaren murrizketa bati aurre egiteko. Pekingo gobernuak sektorearen gehiegizko zorpetzea eten nahian maileguak emateko baldintzak gogortu zituenean, iturri hori lehortu zitzaion Evergranderi, eta sorgin gurpila abian jarri: ezin etxebizitzak bukatu, eta horien dirurik gabe, ezin berriak egin.

Yang garaiz atera zen enpresatik, krisia gertu zegoela susmatzen hasi baitzen. «Joan den urtean, bat-batean enpresa presio egiten hasi zitzaien langileei, akzioak eros zitzaten. Orduan argi ikusi genuen ezen, bizirik ateratzeko, bere eskuak ere mozten ari zela».

Enpresa porrotaren atarira iritsi izanak ez du harritu Yang: «Evergranderen garapen eredua ez da garapen eredu tradizionala; arriskutsuegia izan da. Hasieran, haren helburua izan zen azkar garatzea eta izen ona lortzea, eta ez errentagarri izatea. Horretarako, behin eta berriz bankuari dirua eskatu dio, interes oso handiekin gainera, etengabe eraikitzen jarraitzeko, etorkizunean prezioek gora egiten jarraituko zutelakoan eta aberastuko zen konfiantzarekin. Baina gehiegi atzeratu du errentagarri izaten hasteko momentua».

Txinan aspalditik ari dira iragartzen higiezinen sektorean burbuilak eztanda egingo duela, eta Yang-ek uste du gobernuak eztanda kontrolatu bat sortu nahi izan duela, kolpe saihetsezina nolabait leundu nahian. Horregatik, aurten hasi da neurriak hartzen espekulazioa eta prezioen gorakada geldiarazteko. Besteak beste, maileguak emateko mugak jarri dizkie bankuei. Eta, noski, horrek kolpe gogorra eman dio Evergranderi, zeinak maileguen etengabeko fluxuan oinarrituta eman duen bere negozioa.

Hala ere, Yang Yu lasai dago. Burbuilaren eztanda lehenago edo geroago gertatu beharrezko zerbait zela esan du: «Krisi honek kolpea emango du hasieran, baina, gero, higiezinen prezioak egonkortuko ditu, eta pasatuko da momentu zaila».

Alarmismoa baztertzeko deialdia egin du: «Evergrandek irailean porrot egingo zuela uste genuen, eta oraingoz ez da hala gertatu; agian aterako da zulotik. Eta erraldoia suntsitzen bada ere, nahiz eta higiezinen sektoreak kolpe gogorra hartuko duen, Txinako ekonomia gai izango da egoerari aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.