Arabako Errioxako Araex taldea Txinara doa, «premium ardoekin»

Beren ekoizpena gehiago nazioartekotu nahi dute Luis Cañas, Baigorri, Lar de Paula, Amaren eta beste hainbat upategik
Samaniegoko Baigorri upategian ospatu da Araexen 15. urteurrena.
Samaniegoko Baigorri upategian ospatu da Araexen 15. urteurrena. XABIER MARTIN

Xabier Martin -

2018ko ekainak 16
Txinara doa Arabako Errioxako upategi independenteen talde esportatzaile handiena. Hong Kongen bulegoa ireki du Araexek, «urte gutxiren buruan ardoaren munduko merkatu handienetakoa izango delako». Javier Ruiz de Galarreta presidenteak uste du oraindik «oso ezezaguna» dela Arabako Errioxako ardoa merkatu handi horretan: «Bordelekoak aspaldian iritsi ziren Shanghaira, eta lan handia dago egiteko ongi kokatzeko». AEBen ondoren, ardoarentzako merkatu handienen artean bigarrena da Txina. AEBetan egiten da gastu handiena ardoaren merkatuan, %4 ia. 2020rako, ordea, Txinak bigarren lekua hartuko du balioari dagokionez. Iberiar penintsulan, esaterako, ez da %2ra iristen munduko gastu osoa kontuan hartuta. Dena den, asko hazi da 2008ko krisiaren ondoren.

Araex talde esportatzaileak 25. urteurrena ospatu du asteon. Iaz, 10,5 milioi botila ardo saldu zituen 70 herrialdetan (30 milioi euro). Ardogintzak Arabako Errioxan eragin duen aldaketa nabarmendu du Ruiz de Galarretak: 11.500 biztanle daude eskualdean, eta haietatik %85 inguru ardoari esker bizi dira. Duela 25 urte baino 2.200 biztanle gehiago daude Kantabriako mendilerroaren eta Ebro ibaiaren artean, eta per capita errenta asko handitu da. EAEko handiena da, izan ere, 56.339 eurokoa, eta pobreenetakoa zen 1993an, 27.300 eurokoa. Baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleko beste inork baino ekarpen handiagoa egiten badio ere BPGari, aberastasun horretatik eskualdean geratzen den zatia, errenta, EAEko urriena da. Ardoaren negozioari buruz hausnartzeko datu garrantzitsua da hori.

Pastelaren zati txiki bat

Sor-markaren barruan 607 upategi daude izena emanda botilatzeko baimenez; Arabako Errioxakoak dira horietatik 351; bada, sor-markako 430 upategik, hau da, %85ek baino gehiagok, 500.000 litro azpiko ekoizpena dute. Upategi horiek (gehiengoa) Errioxak egiten dituen salmenta guztien %13,7 baino ez dituzte egiten. Aldiz, bost milioi litrotik gorako produkzioan bakarrik hamasei upategi daude (%3,3), eta haientzat dira salmenten %54,5.

«430 upategi ari dira elkarri joka pastelaren %13 horretan», dio Ruiz de Galarretak. Merkatu horretan lehiatzeko «marka liderrak» sortu behar direla uste du. Arabako Errioxan 13.500 mahasti hektarea daude, eta 351 upategi sor-markaz botilatzeko baimenez. Urtero, 100 milioi botila merkaturatzen dituzte, 2017ko uzta txikia —baina bikaina— kopuru horietara iritsi ez den arren.

Bestalde, Araexeko buruak argi dauka Arabako upategiek gero eta behar handiagoa dutela desberdintzeko, eta azken urtean jatorri etiketen arautegian egondako aldaketa «oso onuragarria» dela uste du. Araexeko upategiak etiketa aukera berriak baliatzen ari dira jadanik, Arabako Errioxako eremuko ardoa ekoizten dutela argiago azaltzeko, Errioxako sor-markaren beste eremuetatik (Errioxa Garaia eta Ekialdeko Errioxa) aldentzeko. «Marka ikonoak sortzeko oinarrizkoa da jatorriari buruzko datu guztiak islatzea; ereduaren garapenak bide horretatik joan behar du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna