Kontseilari erabakigarriak aldatu ditu Puigdemontek erreferendumerako

Kataluniako presidenteak erran du independentziari buruzko galdeketarako «beharrezko berme guztiak» eman behar dituela

Joaquim Forn, Barne kontseilari kargua hartzen Carles Puigdemont presidentearekin, atzo. ANDREU DALMAU / EFE.
mikel rodriguez
2017ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Beharrezko berme guztiak ematen lehenbizikoa izan behar du Generalitateak. Kontseilari guztien determinazioa eta uste osoa beharrezkoa da salbuespenik gabe, erreferendumerako bidean aitzinera egin dezagun». Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak prest du urriaren 1ean independentziari buruz galdetzeko erreferenduma prestatzeko ardura izanen duen gobernua. Jakina zen aldaketak eginen zituela gobernuan, eta atzo argitu zuen zeintzuk izanen ziren horiek: Presidentetzako kontseilaria, Barnekoa, Hezkuntzakoa eta gobernuko idazkaria. Guztiak, beraz, erreferenduma prestatzeko erabakigarriak diren ataletakoak. «Alde batera egitea erabaki dute», erran du Puigdemontek gobernua utzi dutenei buruz. «Ez dago inor sobera: guztiak behar ditugu».

Kargua utzi duten guztiak PDECat alderdikoak dira, Puigdemonten talde berekoak —ERC Esquerra Republicanarekin partekatzen du gobernua, Junts Pel Si koalizioan—. Neus Munte Presidentetzako kontseilaria eta gobernuko bozeramailea da horietako bat. Twitterren idatzi du «gobernuarekin eta U-1arekin» duen «konpromisoak» ez duela aldaketarik izanen. Artur Masen agintepean presidenteorde izan zen Munte, urtebetez, eta haren ondorengo izateko hautagaietako bat zen. Jordi Turullek hartuko du haren lekua, Junts Pel Siren parlamentuko taldeko buruak.

Barne Kontseilaritza Jordi Janek utziko du, eta Mossos d'Esquadra Polizia autonomikoa Joaquim Forneren agintepean egonen da urriaren 1ean —PDECatek Bartzelonako Udalean duen bozeramailea da—. Hezkuntzan, berriz, Meritxell Ruizen tokia Clara Ponsati ekonomialari eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko idazkaritzako kideak hartuko du—hauteslekuen arduradun izan ohi da kontseilaritza hori—. Gobernuko idazkaria Joan Vidal izanen da, Victor Cullellen ordez.

Bigarren koalizio independentistak, CUPek, kritikatu du «hausturarako gobernurik» ez eratu izana orain arte, eta eskatu du udaletan eta bertze erakundeetan baztertzeko eskatu die «erreferendumarekin konpromisoa ez dutenak». Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ere eman du iritzia Kataluniako Gobernuaren aldaketei buruz: «Garbiketa» deitu die, eta Generalitateari leporatu dio «barne borroketan nahasita» egotea. «Zer-nolako elkarrizketa nahi dute horrelako portaerarekin?».

Pujolentzat, espetxerik ez

Oriol Pujol CiUko diputatu ohi eta Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren semea ez dute espetxean sartuko, fiskalarekin akordioa egin baitu: bi urte eta erdiko espetxe zigorra onartu du, eta haren bikotekideak, Anna Vidalek, 42.000 euroko isun bat. Epaiketarik ez diote eginen, beraz, IAT auzian. Akordioarekin, Pujolek onartu du bere eragin politikoa baliatu zuela ibilgailuen IAT zerbitzuen negozioan mesedeak egin eta etekinak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.