Kurdistango Gobernuak uko egin dio mugak Iraken esku uzteari

Nazioarteko hegaldiak bertan behera geratu dira eskualde autonomoan. Barzani presidenteak negoziatzera deitu du Bagdad

Jendea hegazkina hartzeko zain, hegaldiak bertan behera geratu aurretik, Arbileko aireportuan. GAILAN HAJI / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Irakeko Gobernuak hainbat neurri hartu ditu Kurdistango Eskualde Autonomoko independentzia erreferendumaren ondoren. Horiean artean, eskualde autonomoaren mugen kontrola eta aireportuak bere esku uzteko agindua eman dio hango gobernuari. Kurdistango agintariek, ordea, uko egin diote Bagdadetik iritsitako aginduei men egiteari, eta «zigor kolektiboa» kritikatu dute.

Atzo amaitu zen Bagdadek Arbili emaniko «ultimatumaren» epea, eta bertan behera geratu dira Arbileko eta Sulaimaniyako aireportuetan aireratzen eta lurreratzen diren nazioarteko hegaldiak. «Aireportuak Irakeko Gobernuaren esku geratzean itzuliko dira hegaldiak», adierazi du Haidar Al-Abadi Irakeko lehen ministroak. Turkiak, Libanok, Egiptok, Jordaniak eta Qatarrek jada aurreratu zuten euren hegazkinek ez zutela Irakeko Kurdistanen lur hartuko. Erabakia indarrean sartzearekin batera, aireportuetako langileek protestak egin dituzte.

Estatu barruko hegaldiek, berriz, bere hartan jarraituko dute oraingoz, EI Estatu Islamikoaren aurrean Irakeko armadaren eta pexmergen arteko elkarlana ez oztopatzeko, besteak beste.

Nazioarteko hegaldien etenaren eragina ez da mugatzen Irakeko kurduetara. «Kontsulatuak, konpainiak eta nazioarteko pertsonala ditugu hemen; jende askori eragingo dio», azaldu du Arbileko aireportuko zuzendari Talar Faiq Salehek. Bestalde, Irakeko Kurdistan da Nazio Batuen Erakundearen eta Siriaren artean lotura lana egiten duena, Siriara laguntza humanitarioa bidaltzeko orduan.

Eskualde Autonomoaren lurreko mugei dagokienez, Irakeko Defentsa Ministerioak adierazi du oraingoz ez dutela «troparik hedatu eremu horietan», baina gobernuaren aginduak beteko dituztela. Iranek eskualde autonomotik iristen den petrolioaren sarrera debekatu du, eta gauza bera egin dezake Turkiak.

Irakeko Kurdistango presidente Massud Barzanik gutun bat idatzi dio Irakeko presidenteorde Ayad Allawiri. Gutunean, Arbil eta Bagdaden arteko negoziazioen alde egin du. Presidenteak azaldu dio erreferendumak ez duela ekarriko eskualde autonomoaren independentzia aldarrikapena, nahiz eta baietzak herritarren %92ren babesa izan —%72ko parte hartzearekin—: «Prest gaude bi urte itxaroteko. Horietan eztabaida sakon bat izan dezagun, gure bi nazioen etorkizuna bazkide gisa eratzeko, inposiziorik gabe». Barzanik «mehatxuen eta indarraren» hizkuntza baztertzeko eskatu dio Bagdadi.

EIren aurkako erasoaldia

Bien bitartean, Irakeko armadak Hawiyari eraso zion atzo, Estatu Islamikoaren aurkako ekinaldi batean. Hiria eta ingurua EIk Iraken kontrolatzen duen azken eremuetako bat da. Armadak irailaren 21ean abiatutako erasoaren «bigarren fasearen» hasiera izan da atzokoa, eremu hori berreskuratzeko, Irakeko armadako Abdel Amir Yarallahteniente koronelak adierazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.