CELen arazoek ez dute eragotzi papergintzak salmentak handitzea

Aurten ere eskariak bide onetik doazen arren, lehengaien garestitzeak eta euro indartsuak irabazi tarteak asko txikitu dizkietela ohartarazi dute

CEL zenaren lantegi bat, Arangurenen (Zalla). MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Gazi-gozoa» hitza erabili du Paperaren Klusterrak 2017. urtea definitzeko. Gozoa, CELen krisi sakona gorabehera, sektoreko enpresek lortu dutelako fakturazioa handitzea eta eskaerak handitzea. Gazia, berriz, errentagarritasun arazoak dituztelako: euroa indartsu dago dolarraren aldean, eta lehengaien prezioak gorantz doaz ia etenik gabe. 2018. urtea antzera hasi da: eskaria bide onetik doa, baina kostuek gehiago murriztu dituzte irabazi tarteak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako paperaren klusterrak, Clusterpapelek, atzo egin zuen bere urteroko batzarra. 21. aldia izan da, 1998ko martxoan osatu baitzen paperaren industria biltzen duen elkartea. Sektorea izugarri aldatu da orduz gero, atzerriko enpresen lehia gogorrak klusterraren sortzaile askoren desagerpena ekarri duelako. Echezarreta, Amaroz, Leizaran eta beste askoren bidea egiteko zorian izan da aurten CEL, Enkarterriko eta Araialdeko lau lantegi biltzen zituen taldea. Lan gatazka gogor baten ondoren, Lucart multinazional italiarrak erosi zuen urtarrilaren 31n. CELeko 250etik gorako lantaldetik 145 inguru geratzen dira orain.

Langile gehiago

CEL jada ez da agertzen Clusterpapelen kideen zerrendan, baina geratzen diren ekoizleek lortu dute salmentak handitzea: 2016an 1.041 milioi euroren fakturazioaren berri eman zuen klusterrak, eta 1.115 milioira igo zuen iaz (+%7,1). Horietatik 762 milioi euro dagozkio sektorearen bizkarrari, paper eta paper orearen ekoizleei (+%4,8). Hornitzaileek (basogintza enpresak, makinen egileak, ingeniaritzek...) 247 milioiren salmentak izan zituzten (+%25), eta 106 milioira iritsi ziren papera eraldatzen dutenek(-%9,4).

Klusterrak 2.229 enplegu aldarrikatu zituen iaz, eta 2.157 aurten, baina kideen kopuruan izandako aldaketen ondorio dela dio, oraingo bazkideek %7 handitu baitute beren lantaldea. Lan finkoa eskaintzen dute gehienek: langileen %92k kontratu mugagabea dute. Zeharka paperaren sektoreak beste 6.500 enplegu sostengatzen ditu. EAEko BPGaren %1 dakar, eta industriaren BPGaren %8 inguru.

Arazoak kostuekin

2011. urteaz geroztik, urtero, salmenten erdiak baino gehiago Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten dituzte klusterreko kideek. Iaz 602 milioi izan ziren (%54). Batez ere Europan saltzen dute (%59), baina gero eta merkatu gehiago aurkitu dute Ekialde Erdian eta Afrikan (%14), Asian (%14) eta Amerikan (%13). Baina urruneko merkatuetan saltzeko arazo bat dute paper ekoizleek: euroa indartsu dagoela dolarrarekin alderatuz gero.

Beste muga bat lehengaien prezioa da. «Handia da lehengaien merkatuarengatik dugun kezka. Prezioak handitu nahian dira,kostuen garestitzea konpentsatzeko». 2017an bezala, papera egiteko lehengai nagusiak —zuntz luzeko eta motzeko orea—garestitzen ari dira aurten ere. «Egoera horrek eragin du Europan papera eta orea egiteko hainbat lantegi ixtea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.