Vicrila berriz abiatuko da, ekoizpena hobetzeko 675.000 euro inbertituta

234 langile ditu enpresak, eta soldatak batez beste %25 jaistea adostu dute enpresarekin. Hartzekodunen konkurtsoan zegoen 2016tik

Vicrila lantegiaren egoitza, Leioan, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
2016ko abendutik hartzekodunen konkurtsoan egon da Leioako (Bizkaia) Lamiako auzoan dagoen Vicrila beira lantegia. Inbertitzaile berrien bila ibili, eta, horietako batzuek bizkar eman ostean, Mivaricar taldeak erosi zuen enpresa, ekaina abiatzearekin batera. Atzo jakin zen zuzendaritza berriak 675.000 euroko inbertsioa egin duela ekoizpena hobetzeko, eta ekarpen horrekin beira lantegiaren proiektua berriz abiatzeko asmoa dute. Egun, 234 langilek egiten dute behar Leioan, eta datorren ikasturtea amaitzen denerako ahalmen osoan aritu nahi dute enpresako arduradunek.

Ia bi urtez hartzekodunen konkurtsoan egon ostean, jabe berriak edukitzea «positiboa» dela azaldu du Ricardo Lopezek, LABek enpresan duen ordezkariak. Baina eszeptikoa ere bada. Joan den maiatzean Vicrilak eta Mivaricarrek datozen bost urteetarako lan ituna sinatu zuten, eta, horren arabera, soldatak batez beste %25 jaitsiko dira aurrerantzean. Mivaricarrek itun hori sinatzeko baldintza jarri zuen enpresa erosteko. Baldintza hori onartuta ere, oraindik ez du argi ikusten etorkizunean zer gertatuko den enpresarekin: «Ez dago industria plan zehatz bat, eta, horregatik, adi gaude, zer gertatuko».

Ez da askorik fio, lantegiaren orubea «oso erakargarria» delako. Getxoko Areeta auzoaren ondoan dago, eta itsasadarraren lehen lerroan; horregatik, «eraikuntza enpresentzat lursail interesgarria da». Hartzekodunen konkurtsoan sartu zirenetik arrisku hori beti hor eduki dutela dio, baina «udalak esan du ez daukala asmorik orubearen kalifikazioa aldatzeko». Eta horrek lasaitu ditu, hein batean.

Enpresarekin adostutako neurriak «gogorrak» izan direla onartu du Lopezek, baina neurri asko «hartu beharrekoak» zirela uste du, «hartzekodunen konkurtsoan zegoelako enpresa». Hala ere, uste du aurreko zuzendaritzak hartu zituen erabaki estrategiko asko «akats handiak» izan zirela, eta horren eraginez iritsi zela Vicrila hartzekodunen konkurtsora. Enpresa ARC taldeak kudeatzen zuen garaian, Mexikon lantegi berri bat zabaldu zuen, eta, horren eraginez, 50 milioi euroko zorra pilatu zuen beira lantegiak. Operazio hori «lardaskeria» bat izan zela dio, eta, egoera berriagatik eszeptiko badira ere, egoera hobetuz joango dela espero du Lopezek. «Horretarako lanean jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.