Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa. IRITZIA

Zapaldutako demokrazia

Pedro Casas - Aktibista

2019ko martxoak 1
Hasia da zenbait agintari politiko eta sozialen kontrako epaiketa: herriaren aginduz, erreferendum bat antolatu zuten, Kataluniako herritarrek aukera izan zezaten erabakitzeko zer harreman izan nahi duten estatuarekin.

Madrilen, pertsona eta talde askok nahi dugu parte hartu gure bizitzei eta antolaketa sozialari eragingo dieten erabaki garrantzitsuetan, eta hala frogatu zuten duela gutxi estatu formaren inguruan eginiko galdeketek. Eta, horregatik, herriek erabakitzeko eskubidea erabil dezatela ere babesten dugu, oinarrizko eskubide demokratiko bat baita. Madrilen, babes hori agerian geratu zen Kataluniako erreferendumaren alde antolatutako ekitaldian: epaileak debekatu bazuen ere, egin ahal izan zen, eta jendetsua izan zen, gainera. Eta Kataluniako preso politikoak askatzea eskatzeko manifestazioan ere gertatu zen hori, milaka pertsona bildu baitziren 2018ko apirilaren 7an Justizia Ministerioaren aurrean.

Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketak ez die auzipetuei bakarrik eragiten, gizarte osoari eragiten dio; izan ere, murrizketak pertsona batzuekin hasten dira, eta, azkenean, denei aplikatzen zaizkie. Eta hori badakigu hemen ere: pixka bat mugitzea edo sistemari gustatzen ez zaion zerbait esatea nahikoa da borraren eta togaren pisua sentitzeko —horren erakusgarri dira Alfon, rap kantariak, M-15ekoak, etxegabetzeen aurkako aktibistak eta beste hainbat—. Dena lotua dago, eta hori jende askok daki, nahiz eta ezkutatu egiten diguten egiazko informazioa —denok jasotzeko eskubidea duguna— eta horrek komunikazioa eta mobilizazioa oztopatzen dituen.

Argi dago herrialde honetan justiziak guztiz galdua duela prestigioa. Hasteko, hortxe dago matxinada akusazioa: matxinada izateko, indarkeriak egon behar du tartean, eta Estatua izan zen indarkeria erabili zuen bakarra. Gertatutakoak epaitzen ari den tribunalak, hau da, Auzitegi Gorenak, ez zuen inongo dudarik izan bere saletako baten epai bat zuzentzeko, bankuen interesei kalterik ez egitearren. Fiskaltzak zalantzan jartzen du Kataluniako auzitegien inpartzialtasuna, inguruaren eragina izan dezaketelakoan, eta guztiz alde batera uzten du Madrilgo presio mediatikoa, zigor zentzagarri bat aldarrikatzen duena.

Gatazka politiko bat da hau, eta esparru demokratiko batean bakarrik izango du irtenbide politiko bat. Beste guztia errepresioa da, eta justizia manipulatzea boterearen mesedetan. «¡A por ellos!» diotenek bakarrik —eta ez dira hainbeste, Kolon plazan ikusi dugunez egiten diete uko irtenbide politikoei, besteak beste, erreferendumari; nekez argitaratzen diren galdeketa batzuek diotenez, berriz, gutxienez estatu osoaren erdiak babestuko luke.

Gaur egun Espainiako Estatua osatzen dugun herriek eta klase herritarrek indarrak batu behar ditugu giltzarrapoa irekitzeko gero eta autoritarioagoa den erregimen honi; hain zuzen, erregimen honek uste du hautetsontziak elementurik subertsibo eta arriskutsuenak direla, eta agian arrazoi du. Berreraiki ditzagun zubi suntsituak, eta eman diezaiogun eskua elkarri, egun ukatzen dizkiguten eskubide politiko eta sozialak garatzeko bidea emango duen errepublika baten edo batzuen alde.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna