arantxa elizegi egilegor
ANALISIA

1.361 egun falta ditu oraindik

2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Fronte guztiak zabalik zituen Joe Biden buruzagi demokratak AEBetako presidente kargua hartu zuenean, joan den urtarrilaren 20an. Hiru hilabete pasatxo igaro dira geroztik; ehun egun, zehatzago esateko. Eta ezin esan fronte horietako asko itxi dituenik —Donald Trumpek epe berean baino hiru aldiz lege gutxiago onartu ditu—. Egia da neurriak iragarri dituela, baita urratsak egin ere, besteak beste Parisko Hitzarmenera itzuliz. Ez da lan makala egin duena. Baina ez da nahikoa.

Bidenek beste 1.361 egun dituaurrean, eta denborak aurrera egin ahala isildu egingo dira txalo hotsak, eta ozendu kritikak. Eta horren zain daude errepublikanoak, Trump buru dutela, erasorako prest dagoen harrapariaren gisan. Estatuburu ohiak sostengua galdu duen arren —NBC etxearen inkesta baten arabera, soilik herritarren %32ren babesa du—, Alderdi Errepublikanoko lidergoan jarraitzen du. Migratzaileen krisia izan da, oraingoz, demokraten aurka jotzeko izan duten arma nagusia, baina pandemiaren aurkako neurrien arrakastak apaldu egin ditu kontserbadoreen kritikak.

Ordea, Bidenen benetako erronka agintaldi erdiko Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako bozak izango dira. 1946tik presidentearen alderdiak ordezkaritza galdu ohi du horietan—salbuespen bakarra 2002ko bozak izan ziren, non errepublikanoek gora egin zuten George W. Bushek irailaren 11ko erasoei emandako erantzunari esker—. Oso litekeena da ordurako pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioak nabarmenagoak izatea, eta hori izan liteke gorenera itzultzeko errepublikanoek bilatzen duten aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.