Eurokopa. F multzoa

Zalantza gehiegi gauza onerako

Azkenetan da Joaquim Lowren Alemania. Selekzioak Eurokopa bukatu, eta beste entrenatzaile bat izango du: Hansi Flick. Lowk hamabost urte bete ditu karguan, eta, onak izan badira ere, 2014ko Munduko Kopa irabazita, kritikoek diote bukaera hau «luzeegia» izaten ari dela. Ez da hautagai.

Joachim Low agur keinua egiten ekainaren 7an, Letoniaren aurkako lagunarteko partidan, Dusseldorfen. THILO SCHMUELGEN / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Alemania ispilu aurrean jartzen bada Eurokopari hasiera eman behar dion egun honetan, gauza asko erakutsiko ditu: Joaquim Low entrenatzailearen agurra izango dela txapelketa; selekzioa ez dela onenean iritsi; jokalari beterano pare bat berreskuratu egin behar izan dituela entrenatzaileak, aurretik baztertu eta gero; herrialdeko futbolaren moldera egokitu behar izan duela entrenatzaileak; jokalari gazte asko dituela; bi areetan ez dela ondo moldatzen taldea; eta esperantza bakarretakoa historian eta izaeran duela, betiko Alemania izatea, Gary Lineker jokalari ohi ingelesak esan zuen hura: «Futbola zer den? Ba, hamaika hamaikaren aurka jokatzea, eta beti Alemaniak irabaztea».

Ispiluak erakusten duen horri guztiari begira jarri da Aitor Lagunas (Zaragoza, Espainia, 1980). Kazetaria, Panenka aldizkariko editore, eta futbol entrenatzaile izateko ikasia ere bai. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu Alemania eta hango futbola, bertan aritu baitzen kazetari 2006tik 2010era, Berlinen bizita. Ispiluak Low erakutsi dio lehendabizi: «Haren aroaren amaiera izanik, orain ezin da jakin aldagai horrek nolako eragina izango duen txapelketan, baina esan dezaket luzeegia izaten ari dela ziklo hau». Lehenago bukatu beharrekoa zela, alegia: «Barregarri ibili zen Alemania azkeneko Munduko Kopan, multzoen fasea ere ez baitzuen gainditu. Orduan zen entrenatzailea aldatzeko garaia». Baina federazioak eta Lowk segitzea erabaki zuten, eta hiru urte hauetan, argirik ez dio ikusi Lagunasek Alemaniari: «Herbehereek 4-2 irabazi zioten Eurokopa honetara sailkatzeko fasean; Espainiak 6-0 txikitu zuen Nazioen Liga txapelketan; eta, berriki, Ipar Mazedoniak puntua urratu dio datorren Munduko Kopara sailkatzeko fasean». Seinaletzat hartzen ditu emaitzok Lagunasek, eta Lowk ere antzeratsu hartu zuen Errusiako deskalabrua.

Izan ere, jokalari beterano batzuei ez deitzen hasi zen: «Hummels eta Muller, adibidez, ez ditu deitu oraintsu arte». Baina zertara dator iritzi aldaketa? «Alemaniak ez du bi areetako futbola menderatzen, eta ezinbestekoa da hori lehiaketa motzetan. Bi mutur horien artean egin behar den bidean ondo moldatzen da, baina behar du zerbait gehiago bere area gainean eta aurkariarenean. Horregatik berreskuratu ditu bi beterano horiek». Ez du uste, hala ere, ezer handirik emango diotenik: «Mullerrek agian bai, gola duelako, eta goiko jokoan ekarpen ona egiten duelako». Larriago ikusten du Hummels, eta ez haren mailagatik. Herrialdeko futbolaren eta selekzioaren jokoaren hari matazan sartu da Lagunas: «Lowri berez posizioko jokoa gustatzen zaio, baina Bundesliga trantsizio azkarren lehiaketa da. Horregatik, Lowk bere estiloa moldatu egin behar izan du jokalarietara, eta erasoko trantsizioan ondo moldatzen da selekzioa. Ez, ordea, defentsarako bide azkarretan, eta horregatik diot Hummels larri ibiliko dela».

Kimmichengan, fedea du

Ispiluan Low azaldu, eta haren inguruan eta beste kontu batzuen bueltan azalpenak eman ondoren, Alemania honen alde ez du ematen asko egin daitekeekin. Lagunasek jokalarien urguiluan du fede pixka bat: «Lowren azkena denez, jokalariek nahi dutena izango da Alemania honen ibilia. Gogoa badute ibili oparoa izan duen entrenatzailea eta irabazlea izan dena ondo agurtzeko, neurri onean lehiatuko dira». Itxaropen izpiari argi handiagoa gehitu dio: «Errusiako emaitza txarren ondorioz, uste dut beteranoek izango dutela gogoa zerbait ona egiteko». Hala ere, ez du selekzioa faboritoen artean ikusten: «Sei bat talde dauzka aurretik».

Batek daki noraino helduko den Alemania, Hansi Flicken aro berriaren bezperatan, baina Lagunasek nahiko garbi dauka zein jokalari ari daitekeen ondo: «Niretzat, Joshua Kimmich da ikusgarria. Zerbaitegatik esaten du Pep Guardiolak inoiz entrenatu duen jokalaririk bizkorrena dela taktikoki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.