La Fura dels Bausek hasiko du 79. Musika Hamabostaldia

Konpainiak 'Kreazioa' taularatuko du Donostian, abuztuaren 2an eta 3an. Labeque ahizpek 'Amoria' izeneko ikuskizuna estreinatuko dute

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Abuztuaren 2tik irailaren lehenera egingo dute Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioa. La Fura dels Baus konpainiak irekiko ditu Kursaal auditoriumeko emanaldiak, Kreazioa ikuskizunarekin. Obra horrek Joseph Haydnen izen bereko lana du oinarri, eta iaz estreinatu zuten, Parisen. Bi emanaldi egingo dituzte —abuztuaren 2an bata eta 3an bestea—, eta Jose Ramon Encinarren gidaritzapean ariko dira Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Haydn dels Baus Abesbatza, Alicia Amo sopranoa, Gustavo Peña tenorra eta Thomas Tatzl baritonoa. Egitarauak bilduko dituen 70 bat proposamenetatik lehena izango da.

Jaialdiak nabarmendu du «punta-puntako» izenak izango direla orkestra zuzendaritzan zein pianoan. Besteak beste, Christian Zacharias, Ivan Fischer, Yannick Nezet-Seguin eta Yukka-Pekka Saraste ariko dira musikariak zuzentzen; jaialdiko publikoarentzat ezagunak dira guztiak. Paolo Arrivabenik, berriz, lehen aldia izango du jaialdian: EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza zuzenduko ditu abuztuaren 11n eta 13an, Italiarra Aljerren opera antzeztuan, Gioachino Rossiniren heriotzaren 150. urteurrenean hain justu.

EOS ez ezik, NDR Hanburgoko Philharmonie, Rotterdams Philharmonisch Orkest, Budapest Festival Orchestra eta Koloniako WDR Sinfonieorchester izango dira Kursaalean, besteak beste.

Pianisten artean, berriz, Yefim Bronfman, Igor Levit, Alexandre Tharaud eta Labeque ahizpak nabarmendu dituzte. Pianista bikote baionesak proposamen berezia estreinatuko du: Amoria ikuskizuna. Katia eta Marielle Labequek euskal musikagileen obrak bildu dituzte ikuskizunerako, tartean Joanes Antxieta, Maurice Ravel, Jesus Guridi, Pablo Sarasate, Aita Donostia eta Alberto Iglesias. Bi ahizpekin bat, agertokian izango dira Hegiak taldea, Thierry Biskari eta Eñaut Elorrieta abeslariak, Ander Zulaika perkusionista, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak, Carlos Mena kontratenorra, Elena Martinez de Murgia viola da gamba jotzailea eta Easo Eskolania taldeko hogei bat haur. Abuztuaren 29an izango da kontzertu hori.

Dantza ere bai

Viktoria Eugenia antzokiko egitaraua Alexandre Tharaud pianistarekin emanaldiarekin hasiko da, abuztuaren 6an, eta, haren ondotik, oholtzan elkarrekin ariko dira Jordi Savall eta Carlos Nuñez, hilaren 20an, Diálogos célticos kontzertuan. Dantza ere hartuko du antzokiak: Herve Koubi konpainiak Les nuits barbares aurkeztuko du hilaren 28an; ikuskizun horrek Mozarten eta Faureren requiemak, Afrikako herri musikak eta hip-hop nahiz capoeira kulturak uztartuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.